Ekonomia -

Ekonomia

Albares Batzordeko presidenteordearekin batuko da gaur arratsaldean, Aljeriarekin dagoen krisia arintze aldera

Aljeriak iragarri du kanpo-merkataritzako operazio guztiak etengo dituela Espainiarekin. Europar Batasunak bi gobernuei eskatu die egoera elkarrizketaren bidez bidera dezatela.

Jose Manuel Albares, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Jose Manuel Albares, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Jose Manuel Albares, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroa Bruselara joango da ostiral honetan. Bertan bilduko da Valdis Dombrovskis Europar Batasuneko merkataritza-politikaz arduratzen den Batzordeko presidenteordearekin.

Bilera hori Aljeriak Espainiarekin kanpo-merkataritzako operazioak etetea erabaki ondoren egingo da. Izan ere, Afrikako iparraldeko gobernuak erabaki hori hartu du Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharari buruz egindako bira "justifikaezinari" erantzunez, Saharako autonomia-plana babestu baitu.

Europar Batasunaren eta Aljeriaren arteko Akordioa gogora ekarrita, Albaresek adierazi du neurri horren inplikazioak "zehatz-mehatz" aztertzen ari direla, nazio-mailan zein Europan. Hala, azterketa amaitu ondoren, Gobernuak "erantzun egokia" eman ahal izango duela aurreratu du ministroak: "lasaia eta konstruktiboa izango da, baina baita irmoa ere Espainiaren eta Espainiako enpresen interesen defentsan".

Emaitzaren arabera, Gobernuak izango lukeen aukeretako bat Aljeria Europar Batasunaren aurrean salatzea izango litzateke, 2005ean indarrean sartu zen elkartze-akordioa ez betetzeagatik.

Europako Batzordeak, bestalde, atzera egiteko eskatu dio Aljeriari, erabakia "oso kezkagarria" baita. Era berean, Nabila Massrali Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako bozeramaileak ziurtatu du Europako diplomazia dagoeneko ebaluatzen ari dela erabaki horrek blokearekiko harremanetan duen eragina.

Europar Batasuna Aljeriako merkataritza-bazkide nagusia da, eta Aljeriako transakzio guztien % 46,7 hartzen ditu, Bruselaren 2019ko datuen arabera.

Ildo horretan, egoera Espainiaren eta Aljeriaren arteko aldebiko elkarrizketaren bidez bideratzea eskatu du Bruselak. Hala ere, oraingoz ez dago jakiterik Gobernuaren eta Aljeriaren artean harremanik izan den azken orduetan. Gaur goizean gai horri buruz galdetu diotenean, Albaresek diskrezioa eskatu du xehetasunik ez emateko. "Nik konstruktiboa izan nahi dut, Aljeriarekiko harremana ahalik eta onena izan dadin", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Europar Batasuna Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak