Ekonomia -
EAE-ko aurrekontuak
Jaurlaritzak "egonkortasuna eta iraunkortasuna" zaindu beharko dituzten aurrekontuen gidalerroak onartu ditu
Exekutiboak urriaren 25ean onartzea espero du, bigarren hiruhilekoko egoera makroekonomikoaren berrikuspena kontuan hartu ondoren. Helburua kontu publikoen bitartez susperraldi ekonomikoa bultzatzea da, baina Azpiazuk ez du inflazioa ahazten.
Mikel Dominguez | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak 2023ko aurrekontuak gidatuko dituzten jarraibideak onartu ditu, ekonomia berreskuratzeko helburu izango dutenak, baina ohartarazi du behin betiko diseinuak kontuan izango dituela irailean ezagutuko den bigarren hiruhilekoko "datu makroekonomikoen eguneratzea".
Jaurlaritzak urriaren 25ean onartzea espero du, eta 28an Eusko Legebiltzarrari helaraztea.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzaren helburua kontu publikoak "epe luzerako inbertsioaren eta hazkundearen motor" izaten jarraitzea da.
Aurrekontuek lau ardatz nagusi izango dituzte: klima-aldaketaren "erronka", digitalizazioan "jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa" egitea, gizarte "bidezkoagoa eta solidarioagoa" eta "kudeaketaren zorroztasuna". Gainera, genero-ikuspegia kontuan hartuko dute.
Gobernu Kontseiluaren ostean, Azpiazuk esan du "aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna zaindu" beharko dituztela, "etorkizun hurbilean" berriro eskatuko baita "finantza-iraunkortasunaren arauak" jarraitzea.
"Horrek esan nahi du diru sarrera publikoen areagotzea eta koiunturazko zorpetzeko ahalmena ezin direla egiturazko gastu publikoa handitzeko kalkulu-oinarria izan. Kudeaketa publikoaren ausarkeria litzateke", defendatu du Azpiazuk. Gainera, inflazioa jo du ogasunen diru-sarrera handienen erantzuletzat.
Behin betiko zifrak zehazteko "datu asko" falta diren arren, mundu mailako hazkunde ekonomikoa beherantz aurreikusten ari denez eta Euskadin "datu makroekonomiko onak" daudenez, Azpiazuk ziurtatu du, edonola ere, aurrekontuak handiagoak izango direla ekonomia nabarmen haziko baita "termino errealetan, eta, are gehiago, termino nominaletan".
Sailburuak iragarri duenez, Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa 2022an % 4,5 eta 2023an % 4,1 haziko da, eta langabezia-tasa, datorren urtean, % 9,1era jaitsiko da. Baina testuingurua "ziurgabetasun handikoa" da; beraz, hazkundearen moderazio hori aurtengo hirugarren hiruhilekoan berrikusiko da, eta agertoki berria kontuan hartuko da kontuak behin betiko egiteko.
"Ziurtasun handiagoa behar da, aurrekontuak datu sendoagoekin borobiltzeko", azaldu du Azpiazuk.
Gainera, sailburuak ohartarazi duenez, EAEtik kanpo datozen errekurtsoak 2023ko ekitaldirako bakarrik badira, ezin izango dira erabili denboran zehar luzatzen diren gastu arruntetarako. "Diru horiek ez dira etorriko eta gastua geratuko da", esan du.