Ekonomia -

Elkartasuna

Caritas Euskadiko boluntarioek 32.429 pertsonari lagundu zieten 2021ean, 2020an baino % 17,5 gehiago

Etxebizitza eskuratzea eta mantentzea da, oraindik ere, artatutako pertsonen zailtasun handiena, eta egoerarik zailena bakarrik dauden ama migratzaileena da.

Pobrezia. EFE
Pobrezia. EFE
Pobrezia. EFE

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Caritas Euskadik 2021. urteko memoria aurkeztu du gaur. Iazkoa covid-19aren pandemiak markatutako urtea izan dela nabarmendu dute, eta iazko lana gizartearen eta pertsonen esparru guztietan eragina izan duen krisi-testuinguruan ulertu behar dela.

Ramon Ibeas Gasteizko Caritaseko idazkari nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez, pobrezia larriak hiru puntu egin du gora Euskadin, % 9an dago, eta horrek erakusten du euskal gizartea gero eta "zatituago" dagoela.

Oro har, euren jardueraren gorakada urtetik urtera "moteltzen" ari dela onartu du, baina esku-hartzeen intentsitatea handiagoa dela. Arabako adibidea jarri du: "Zenbakiek diote egoera hobea dela, oro har, baina, gaizki dagoena lehen baino okerrago dago; familia gutxiago artatu ditugu, baina intentsitate handiagoarekin", laburbildu du.

Iaz, Caritasek 32.429 pertsona artatu zituen Euskal Autonomia Erkidegoan, horietatik 17.116 emakumeak ziren eta 15.313, gizonak. 2020an baino 4.800 pertsona gehiago dira (% 17,5 gehiago), 27.608 pertsona artatu baitzituen orduan Caritas Euskadik.

Gipuzkoa izan da Caritasek pertsona gehien lagundu dituen lurraldea 2021ean, 15.351, aurreko urtean baino 6.327 gehiago. Bizkaian, 12.569 pertsonari eman diete laguntza (2020an baino 527 gutxiago) eta 4.509 pertsonari, Araban (979 gutxiago).

Erakundeak 7 milioi euro inguru inbertitu ditu laguntza ekonomikoetan; horietatik 3,5 milioi Bizkaian erabili dira, ia 3 milioi Gipuzkoan eta 0,4 milioi Araban.

Horretarako, Caritasek 3.612 boluntario izan ditu 2021ean. Gipuzkoako eta Arabako boluntario zerrenda murriztu egin da, baina laguntzaileen kopuruak gora egin du Bizkaian eta, beraz, orotara, aurreko urteko boluntarioen kopuruei eutsi zaie. 

Zailtasun nagusiak

Maite Sebal Gasteizko Caritaseko zuzendariak azaldu du artatutako familien zailtasun nagusiak zeintzuk diren. Nabarmendu du, beste urte batez, etxebizitza eskuratzea eta mantentzea dela laguntza behar izan duten pertsonen arazo larrienetakoa. Ibeasek ohartarazi du, epe laburrean, burbuila ekonomiko berri batera bidera daitekeela.

Bigarrenik, adingabeak ardurapean dituzten familiek lana lortzeko ahalegina eta haurren zaintza bateratzeko dituzten zailtasunak daude, batez ere, guraso bakarreko familien kasuan. Kalitatezko enplegua lortzeko eta administrazio-egoera erregularizatzeko arazoak ere aipatu ditu.

Halaber, Sebalek covid-19ak sortutako pandemiaren bi ondorio aipatu ditu: alde batetik, arrakala digitalaren hazkundea adinekoen zein atzerritarren bazterketa-elementu gisa, eta, bestetik, bakardade- eta isolamendu-egoeren areagotzea.

Txostenari, 'Aukerak sortuz' izena jarri diote, eta horren asmoa da Caritasek laguntzen dien pertsonek beren egoeratik ateratzeko egiten duten ahalegina ikusaraztea, bai eta haien inguruko estereotipoak alde batera uzteko dei egitea ere: "Daukagun esperientziagatik, esan dezakegu laguntzen diegun pertsonek ahalegin handia egiten dutela aurrera ateratzeko, izan enplegua aktiboki bilatuz, prestakuntzak eginez, haien trebetasunak hobetuz, familia zainduz edo, jakintzak, kezkak, ideiak eta ekintzak partekatuz".

Babeserako eta asilorako eskubidea

Ibeasek onartu duenez, egungo egoera "ziurgabetasunezkoa" da erabat, inflazio handiaren eta Ukrainako gerraren ondorioz, eta, beraz, zaila egiten zaio 2022ko datuak nolakoak izango diren aurreikustea.

Prentsaurrekoan, Ukrainako gerrako errefuxiatuekin lan egiten duen Elizbarrutiko Harrera Mahaiaren lehen hiruhilekoaren balantzea ere egin da. Ibeas kritikoa izan da Espainiako babes eta asilo politikarekin, "ez baitu fruiturik ematen" esan du.

Ildo horretan, aldaketa eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta Ukrainako herritarrak hartzeko adostutako zuzentaraua gerran dauden beste edozein herrialdetatik irteten diren pertsona guztiei aplikatu beharko litzaiekeela adierazi du.

Ibeasek gogorarazi du aterpea eta asiloa eskubide direla, eta salatu du Espainian jasotzen diren 100 asilo eskaeretatik 8 bakarrik onartzen direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gobernuz Kanpoko Erakundeak