Ekonomia -
Utzarazpenak
Kutxabankek hilabete atzeratuko ditu etxeekin lotutako prozedurak
Erakundeak bat egin du utzarazpenak saihesteko Eusko Jaurlaritzak abiatutako bitartekaritza sistemarekin.
Erredakzioa
Kutxabankek bat egin du gaur utzarazpenak saihesteko xedez Eusko Jaurlaritzak abiatutako bitartekaritza zerbitzuarekin.
Hemendik aurrera, finantza erakundeak hilabeteko epea emango du bitartekaritza zerbitzuko adituek zorraren likidazio ordenatua egiteko proposamen bat aurkez dezaten, eta, bien bitartean, ez du auzitara joko utzarazpena eskatzeko.
Akordioa Idoia Mendia Justizia sailburuak eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak sinatu dute gaur goizean, eta giltzarria izango da ekimenak arrakasta izan dezan. Izan ere, Kutxabankek Euskadiko hipoteken erdiak kudeatzen ditu, eta erakunde horrek bat egin eta gero, baliteke gainerako kutxek eta bankuek ere egitea.
Zerbitzua doanekoa izango da eta aldeek eskatuta jarriko da martxan. Hipoteka ezingo da izan 350.000 eurokoa baino handiagoa, eta zordunak etxebizitza bakar bat izan beharko du, hots, hipoteka horri dagokiona.
Bitartekarien proposamena, baina, ez da loteslea izango finantza erakundeentzat, hau da, ez dute halabeharrez bete beharko, baina epaileak kontuan hartuko du bankuek auzitara jotzen badute. Une honetan, 400 utzarazpen eskari daude EAEko auzitegietan.
Sailburuaren esanetan, Jaurlaritza negoziaziotan ari da beste hainbat kutxa eta banku planera erakartzeko. Dena dela, Kutxabankekin akordioa lortzeak "lehentasuna" zuela azaldu du, EAEko hipoteka kudeatzaile nagusia baita.
Mario Fernandezek adierazi du erakundea "kezkatuta" dagoela utzarazpenen "arazo soziala"ren harira eta, beraz, etxebizitza galdu dutenek lana topatzeko planak abiatuko dituztela iragarri du.
Bitartekaritza zerbitzua Eusko Jaurlaritzak gehiegi zorpetutako sendiei laguntzeko planaren zutabetako bat da. Beste biak hipoteka kontratatzeko aholkularitza zerbitzua eta etxea galdu dutenei alokairu soziala emateko programa dira.
Duela bederatzi egun indarrean sartu zenetik, bitartekaritza zerbitzuak 100 dei izan ditu, 29 bilera egin ditu, eta 17 espediente jaso ditu, Mendiak zehaztu duenez. Zenbaki "positiboak", horren ustez.