Ekonomia -

Ogasuna

Hego Euskal Herriko 313 zordun handik mila milioi euro inguru zor dituzte guztira

EAEko eta Nafarroako Foru Ogasunek zordunen zerrendak argitaratu dituzte. Milioi bat euro baino gehiago zor duten pertsona juridiko eta fisikoak izendatzen dira zordun handi gisa.

Aragaboko Ogasuna. EITB.
Aragaboko Ogasuna. EITB.
Aragaboko Ogasuna. EITB.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru-ogasunek 2022ko martxoaren 31n milioi bat eurotik gorako zor fiskala zuten zergadunen zerrenda argitaratu dute gaur (Nafarroaren kasuan, 2021eko abenduaren 31n).

Guztira, 313 dira zordun handi deiturikoak: 158 Bizkaian, 75 Nafarroan, 43 Gipuzkoan eta 37 Araban, eta, guztien artean, 980.067 milioi euroko zorra dute.

Bizkaian, 158 pertsonek (150 pertsona juridiko eta 8 fisiko) 475,4 milioi euroko zorra dute Ogasunarekin. Iurbenor Promociones SA da zorrik handiena duen sozietatea, 52,2 milioi zor ditu; GM Fuel Bank SL dago ondoren 37,4 milioirekin; eta Moldis Echarro SL, 20,4 milioirekin.

Gipuzkoan 43 zordun handi daude, eta, guztien artean, 239,9 milioi euro zor dituzte. Zerrendan, Lagilur higiezinen sustapenerako enpresa nabarmentzen da, 80,2 milioi zor dizkio Gipuzkoako Ogasunari; ondoren, José Ramón eta Juan Miguel Osinalde Echaniz daude, 46,5 eta 46,4 milioiko zorrekin, hurrenez hurren; eta LH Commodities and Investments sozietate mugatua, 22,9 milioiko zorrarekin. 24,1 milioitan murriztu da zorra Gipuzkoan da aurreko ekitalditik.

Araban, zor gehien duten zergadunen zuloa 129,2 milioi eurokoa da, eta 37 izenek osatzen dute zerrenda; horietatik 35, sozietateak eta 2, pertsona fisikoak.

Aipagarria da Goya Sesenta y Nueve Sozietate Mugatuaren zorra, 18,5 milioi eurokoa. Enpresa hori Ros Casares enpresa taldearekin lotuta dago, eta talde horrek hartzen du, oso-osorik, Arabako zordunen podiuma, Corporación Ros Casares SLrekin (4,8 milioi) eta Ros Casares Centro del Acero SLrekin (11,4 milioiko zorra). Eguren Vitoria SAk 11,9 milioiko zorra du, eta Urko-Urbasa ABEEak, berriz, 11,5 milioi eurokoa.

Nafarroan 75 zordun handik 152,7 milioi euro zor dituzte. Nabarmentzekoa da Construcciones Juan Bautista Flores SA, 6,3 milioi euro zor dituena. Atzetik, zerrendan, Urpasa Construcciones Urbanas de Pamplona SA dago 5,3 milioiko zorrarekin; eta Nasipa SL, 5,2 milioirekin.

Nafarroaren kasuan, zordunen zerrendan ageri dira Ogasunarekin 120.000 eurotik gorako zorra duten pertsona juridiko eta fisiko guztiak. Beraz, 2021eko abenduaren 31n 663 pertsona eta enpresa zeuden zordunduta 325 milioi eurotik gorako zor metatuarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia