Ekonomia -
Ekintzaileen proiektuak
Eusko Jaurlaritzak ekintzaileentzako zerbitzua sortu du
Zerbitzu berriaren eragile homologatu izan nahi duten aholkularitzek, gehienez ere, orduko 50 euroko tarifa eskainiko dute bost urte baino gutxiago dituzten enpresa berriak aholkatzeagatik.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua sortu du, Euskadik bertako ekintzailetza sarea ezagutu dezan homologazio prozesu baten bidez eta enpresari berriei konponbideak eskaintzeko asmoz.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Undak astelehen honetan aurkeztu du Bilbon duela hilabete batzuk Patxi Lopez lehendakariak hartutako konpromisoaren emaitza, "eskura zeuden baliabideak koordinatu eta ordenatuko zituela eta ekintzaileek egin beharreko tramiteak sinpletuko zituela" agindu baitzuen.
SPRIk kudeatu duen Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak hainbat tresna eskainiko ditu negozio bat martxan jarri nahi duten ekintzaileentzat eta "Euskadi Emprende" zigiluak bermatzen duen kalitate baldintzetan egin nahi dutenentzat. Marka hori babesa izango da eragile, instituzio eta erakunde publikoentzat eta, hain zuzen, horretarako sortu da eragileak atxikitzeko eta homologatzeko protokoloa.
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak arreta pertsonalizatuko telefono bat eskainiko die ekintzaileei (900 716 001), beren arazoentzako konponbideak arinago eta azkarrago bilatzeko. Halaber, www.euskadiemprende.net webgunea ere izango dute eskura, gai horri buruzko erantzun guztiak bilduko dituena.
Zerbitzu berriaren eragile homologatu izan nahi duten aholkularitzek, gehienez ere, orduko 50 euroko tarifa eskainiko dute bost urte baino gutxiago dituzten enpresa berriak aholkatzeagatik. Hala, prezio onargarriak eskainiko zaizkie enpresari berriei.