Ekonomia -
Krisia eurogunean
Hollanderen eta Merkelen ereduak, aurrez aurre Bruselako goi-bileran
Hazkundea sustatzeko neurriak vs. murrizketak. EBko buruzagiek Hollanderen proposamenak aztertuko dituzte gaur, ekaineko goi-bilera prestatzeko batzar batean.
Erredakzioa
Europar Batasuneko buruzagiak batzartu egingo dira gaur Bruselan, hazkundea sustatzeko neurriak aztertzeko.
Hori horrela, François Hollande Frantziako presidentea izango da protagonista nagusia, orain arte Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak inposatutako murrizketa politiken aurrean, hazkundea sustatzeko inbertsioak proposatu baititu.
Gaurko goi-bilera, hain zuzen ere, Hollanderen garaipenaren ostean deitu zuten. "Hollande Bruselara azkar erakartzeko modua izan da", aitortu du diplomaziari europar batek.
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak argi utzi du gaur ez dutela erabakirik hartuko. Izan ere, ekaineko amaieran egingo duten goi-bilera prestatzeko eta eztabaiden lehen hartu-emanak egiteko batzar informala izango da.
Dena dela, bilerak erakutsi egingo du nolakoa izango den Sarkozyren osteko Europa, eta Parisen eta Berlinen arteko lehen desadostasunak agerian utz litzake.
Besteak beste, Hollandek eurobonoak sortzea proposatuko die EBko estatu kideei. Zeregin horretan, Italiaren eta Espainiaren babesa izango du. Alemania proposamen horren aurka agertu da, Herbehereak, Austria eta Finlandia bezala.
Proiektuak ez du aurrera egingo epe laburrean, baina bai egin lezakete mahai gainean dauden beste hainbatek, tartean azpiegiturak eraikitzeko bonoak sortzea eta Inbertsioen Banku Europarraren ahalmena handitzea.
Bileran, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen lehentasunak likidezia arazoei konponbidea bilatzea eta eurogunearen egonkortasuna bermatzea izango dira.
Aste honetan, Rajoyk "premiazko"tzat jo zuen Europar Batasunak egonkortasuna bermatzea, eta zeharka izan bazen ere, Europako Banku Zentralari esku hartzeko eskatu zion.