Ekonomia -
Proposamena
'Mila milioi euro' aurrezteko neurriak proposatu ditu Amaiurrek
Aldundiek Gipuzkoako Aldundiak egin dituen moduko erreformak eginez gero, zerga bidez "500 milioi gehiago" bil ditzaketela esan dute.
Erredakzioa
Amaiur osatzen duten taldeek sei neurri "zehatz" aurkeztu dituzte "mila milioi euro baino gehiago" eskuratzeko eta "beste" eredu ekonomiko batean aurrera egin ahal izateko Mariano Rajoyren Gobernuak eskaintzen duen "gainbeheraren" aurrean.
Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek sinatutako proposamena Bilbon aurkeztu dute Marije Fullaondok eta Oskar Matutek.
Egungo egoera "latzak" talka plan bat behar duela adierazi dute, zerbitzu publikoak eta gizarte zerbitzuak bermatzeko baliabide ekonomiko nahikoak izateko.
EAEn eta Nafarroan "bidezko zerga erreforma sakona" eskatu dute, sektore publikoan baliabideak bermatzeko.
Era honetan, lau Aldundiek Gipuzkoan egindako zerga erreforma bera martxan jarriko balute, "500 milioi euro gehiago izango genituzke", azpimarratu dute.
Joan den urte amaieran, PSE eta Bilduren arteko akordio bati esker, Gipuzkoak Ondarearen gaineko eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko zergak eraldatu zituen, eta lurralde horretako Ogasunak 120 milioi euro gehiago jasotzea aurreikusi duela nabarmendu dute prentsaurrekoan.
Halaber, EAEn eta Nafarroan "egun egiten ari diren zpiegitura handiak egiteko lanak aldi baterako atzeratzea" eskatu dute. Era horretan, "gutxienez 500 milioi euro izango genituzke", "beharrezkoak eta premiazkoak" diren inbertsioetan erabili ahal izateko.
"Bi neurri horiek argi uzten dute, nahi izanez gero, 1.000 milioi euro gehiago izan ditzakegula beste politika ekonomiko bat egiteko", adierazi du Matutek.
Hirugarren neurri gisa, sektore publikoaren alde apustu egitea proposatu dute. Proposamen hauek guztiak EHUn aurkeztuko dituzte datorren larunbatean.