Ekonomia -

Estrategia

Euskadiko Mugikortasun Elektrikoaren Estrategia onartu du Eusko Jaurlaritzak

Astearte honetako Gobernu bileran egin du. Estrategiak 1.550-2.340 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2030era arte.

Ibilgailu elektrikoa du hizpide Estrategiak, besteak beste. 'Teknopolis' saioko bideo bateko irudia.
Ibilgailu elektrikoa du hizpide Estrategiak, besteak beste
Ibilgailu elektrikoa du hizpide Estrategiak, besteak beste. 'Teknopolis' saioko bideo bateko irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Mugikortasun Elektrikoaren Estrategia onartu du astearte honetan, Gobernu bileran. Estrategiak 1.550-2.340 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2030era arte, eta horren helburua da zehaztu eta aztertzea garraioaren sektorearen deskarbonizaziorako estrategiak, ibilgailu elektrikoari buruzko tokiko ikuspegiak eta ikuspegi globalak, mugikortasun elektrikoaren aurreko estrategien balorazioak eta 2030eko Ekintza Planaren ardatzak.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ohar bidez jakitera eman duenez, Estrategiak eragin handia izango du balio erantsian, enpleguan, enpresa-lehiakortasunean eta berrikuntzan. Testuinguru horretan, 2030erako automobil-parkearen % 16, hiri-autobusen % 50 eta taxien % 80 elektrifikatuta izatea planteatzen da.

Estrategia berriak Euskadin karga azkarreko puntuen kopurua bikoiztea proposatzen du (50 kW-ko 80 karga-puntu, karga ultralasterreko terminalak dituzten 12 kokaleku), bai eta mugikortasun elektrikoko 15 proiektu abian jartzea ere Euskadiko automozioaren sektorean, eta, gainera, hamar proiektu teknologiko abiaraztea ibilgailu elektrikoen errekargaren esparruan, ekimen pribatuak lideratuta eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta, oharraren arabera.

"Euskadiko ekonomia deskarbonizatzeko funtsezkoa den sektore bat egokitzeko bide urratzailea"

Jaurlaritzak dioenez, "mugikortasun elektrikoa Euskadiko ekonomia deskarbonizatzeko funtsezkoa den sektore bat egokitzeko bide urratzailea da. Horren garapenak Euskadin trantsizio energetikoa sustatzeko onurak ekarriko ditu epe erdira eta luzera. Onura horien arrazoia sare elektriko adimendunekin (smart grids) eta, hedaduraz, energia-sistema integratu osoarekin dituen sinergiak dira".

Baina mugikortasun elektrikoaren sektoreak, iturriak zehaztu duenez, "argitu beharreko hainbat alderdi eta zailtasun ditu, eta legediak eta datozen urteotako estrategiak eta ekintza-planak oinarrizkoak izango dira eraldaketa horren norabidea erabakigarritasunez zehazteko". Aldaketak maila guztietan egingo dira: nazioartean, Europan, estatuetan, eskualdeetan, tokian eta herritarren esparruan.

"Horregatik, gaur onartutako estrategiak Euskadiko mugikortasunaren magnitude eta adierazle nagusiak aztertzen ditu, hala nola, bertako automobil-parkea edo berotegi efektuko gas-emisioak (BEG), eta mugikortasun elektrikoak garraioaren deskarbonizazioan, eta ekonomiaren jasangarritasuna areagotzean betetzen duen rola baloratzen du".

Garraio-sektorearen deskarbonizazioak "Euskadiko industrian eta zerbitzuen sektorean balio erantsia, enplegua eta gaitasunak ezartzeko aukerak sortuko ditu. Guztiak ere, modu batera edo bestera, deskarbonizazioan aurrera egiteko erabil daitezkeen tresnei lotuta daude", dio Jaurlaritzak.

Jaurlaritzaren konpromisoak

Garraio-sektorea deskarbonizatzeko eta sektorean petrolioaren mendekotasuna gutxitzeko helburua Eusko Jaurlaritzaren hainbat konpromisotan dago jasota: Klima 2050 Estrategian, Euskadiko Energia Estrategia 2030ean eta Garraio Jasangarriaren Planean. Horietan, hiru ardatz jasotzen dira, garraioa deskarbonizatzea lortzeko: "Energia-efizientzia areagotzea, mugikortasun- eta garraio-zerbitzuen erabilpena arrazionalizatzea eta optimizatzea, eta erregai eta bektore energetiko deskarbonizatuak erabiltzea".

Ildo horretan, proposamen zehatz batzuk egiten ditu: intermodalitatea eta emisio gutxiko (BEG) garraio-moduak bultzatzea, petrolioaren deribatuen kontsumoa ordezkatzea, zaurgarritasun-irizpideak eta egokitze-irizpideak txertatzea garraio-azpiegituretan, errekarga-azpiegitura publikoa garatzea, lurralde osoari estaldura emateko, eta zirkulazioan dauden ibilgailu elektrikoen masa kritikora iristea eta araudia egokitzea, mugikortasunean teknologia elektrikoa sartzea errazteko.

Orain, Euskadiko Mugikortasun Elektrikoaren Estrategiak beste urrats bat ematen du, eta 2030erako helburuak ezarri ditu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak