Ekonomia -
EAEko aireportuak
EAEko aireportuek pandemia baino lehenagoko datuak gainditu dituzte, bidaiarien zirkulazioari dagokionez
Bilboko aireportuan, espainiar Estatuko hegaldietako bidaiarien zirkulazioa % 11tik gora hazi da 2019ko uztailarekin alderatuta. Duela hiru urteko uztaileko datua kontuan izanik, Donostiak % 31,7 egin du gora, eta Gasteizek % 44,5.
EITB MEDIA
Euskadiko aireportuek pandemia baino lehenagoko jarduera berreskuratzen jarraitzen dute, eta, berez, azken uztailean gainditu egin dituzte 2019ko uztaileko datuak, bidaiarien zirkulazioari dagokionez. Hain zuzen ere, Bilboko aireportuan, espainiar Estatuko hegaldietako bidaiarien zirkulazioa % 11tik gora hazi da, 2019ko uztailarekin alderatuta. Duela hiru urteko uztaileko datu orokorra kontuan izanik, Donostiak % 31,7 egin du gora, eta Gasteizek % 44,5, Aena espainiar Estatuko aireportuetako kudeatzaileak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Hala, aipatutako iturriaren arabera, Bilboko aireportuak, uztailean, 580.572 bidaiari izan zituen guztira, hau da, 2019ko uztailean izandako bidaiarien % 96,3. Urtarriletik uztailera arteko epeak kontuan izanik, 2019an izandako bidaiarien % 80,3 ibili dira Bilboko aireportuan; guztira, zazpi hilabete horietan, 2.712.766 lagun.
Zirkulazio-motari erreparatuta, espainiar Estatukoa % 11,4 igo da uztailean, 2019ko uztaileko datuekin alderatuta (364.583 bidaiari, guztira(. Nazioarteko bidaiariak aztergai, 2019ko uztailean izandakoen % 78,2 izan dira aurten, 214.985 pertsona, hain zuzen ere.
Operazioak ere ibili dira ondo uztailean. Guztira, 4.672 aireratze eta lurreratze jaso dituzte; 2019ko uztaileko datuak kontuan izanik, aurtengoa % 94,8 izan da.
Donostian, aireportuak % 31,7ko gorakada izan du uztailean, 2019ko uztailarekin alderatuta; guztira, 43.370 bidaiarik erabili dute gipuzkoar aireportua. Aurtengo lehen zazpi hilabeteetan, 200.372 bidaiari izan dira bertan; 2019ko lehen zazpi hilabeteetan, aldiz, % 7,5 gutxiago izan ziren.
693 aireratze eta lurreratze izan dira uztailean, eta 3.026 hegaldi urtarriletik hona. Aenak gogora ekarri duenez, honako lotura erregularrak ditu: Madril, Bartzelona, Sevilla, Malaga, Kanaria Handia, Palma, Menorca eta Londres.
Araban, Gasteizko aireportuak % 44,5eko gorakada izan du uztailean, bidaiari-kopuruan, 2019ko uztailarekin alderatuta; guztira, 25.386 bidaiari izan ditu azken hilabetean. Urtarriletik uztailera bitartean, 128.967 bidaiari ibili dira Gasteizeko aireportuan, 2019ko lehen zazpi hilabeteetan baino % 28,9 gehiago.
Operazioak zenbatuta, uztailean 1263 aireratze eta lurreratze jaso dituzte, 2019ko uztailean baino % 11,7 gehiago. Guztira, 7.798 hegaldi izan dira, % 21,7 gehiago, urtarriletik, 2019ko epe hori bera kontuan izanik.
Aire-zama arloan, Gasteizko aireportuan izandako salgaien zirkulazioa 6.211 tonakoa izan da uztailean, Aenak zehaztu duenez. Eramandako zama-kopurua, beraz, 2021eko uztailekoa baino % 3,2 handiagoa izan da. Urteko lehen zazpi hilabeteetan, aldiz, 42.996 tona zama eraman dituzte, 2021ean baino % 2,1 gehiago.