Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Eusko Jaularitzak ez du murrizketa gehiago egingo
Manu Salinero Lehendakaritzako idazkari nagusiak uste du "zorpetu" egin behar dela diru-sarreren eta gastuen arteko orekarik ez badago, izan ere, EAEk "zorra ordain dezake".
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ez ditu murrizketa neurri gehiago hartuko, eta zerbitzu publikoak, osasuna, hezkuntza eta inbertsioa indartuko ditu. Gainera, diru-sarreren eta gastuen arteko orekarik ez badago "zorpetu" egin behar dela uste du.
Horixe adierazi du Manu Salinero Lehendakaritzako idazkari nagusiak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Erantzun hori eman dio Javer de Andres Arabako ahaldun nagusiari, murrizketa neurriak hartzea eskatu baitzien aldundiei eta Patxi Lopez lehendakariari.
Salinerorentzat murrizketa neurriek ekonomia uzkurtzen dute eta horrek murrizketa gehiago ekarriko lituzke. Horren harira, Jaurlaritza "Euskadi eredua" proposatzen ari dela gogorarazi du, eta hori "krisiari aurre egiteko beste modu bat" dela, zerbitzu publikoak, osasuna, hezkuntza eta inbertsioa indartuz.
Haren esanetan, murrizketen ereduak "ekarri gaitu honaino eta ez gaitu hemendik aterako". Gainera, "zorra erabiltzea ezinbestekoa" dela azpimarratu du. "Oraindik sarreren eta gastuen arteko orekarik ez badago, zorpetu egin beharko dugu", adierazi du Salinerok.
Horren harira, Salinerok azaldu duenez, "ordain dezakezun bitartean, eta Euskadik ahal du, zorra erabiltzea baliabide bat da. Aurrekontuak orekatu behar dira, baina ez da zorra gaitzetsi behar bere horretan".