Ekonomia -

Ordu biko lanuztea

Jaurlaritzak maiatzaren 31ko lanuzterako zerbitzu minimoak ezarri ditu

Hezkuntza, osasun eta garraio publikoan aurreko greba orokorren deialdietan ezarritako zerbitzu minimoak ezarri dituzte, orduan sindikatuek “neurriz kanpokotzat” jo zituzten arren.

Greba orokorra M29 Bilbon. Argazkia: EITB
Greba orokorra M29 Bilbon. Argazkia: EITB
Greba orokorra M29 Bilbon. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB eta ESK sindikatuek EAEko sektore publikoan maiatzaren 31rako deitu duten lanuzterako zerbitzu minimoak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Azkenean, greba ordu bira murriztu dute, 11:00etatik 13:00etara.

Maiatzaren 3an, ELA, LAB, STEE-EILAS eta ESK sindikatuek greba eguna deitu zuten Nafarroako eta EAEko sektore publikoan, baina greba deitu zuten sindikatu horien arteko ezadostasunak direla eta, EAEko ELA eta STEE-EILAS sindikatuek atzera egin dute. Gainera, greba, azkenean, ordu bikoa baino ez da izango.

Edonola ere, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak oinarrizko zerbitzuak bermatzeko agindua eman du. Hezkuntza eremuan, deialdiak gizarte-ekimenezko ikastetxeak eta ikastolak hartzen ditu barnean.

Hezkuntza, osasun eta garraio publikoan aurreko greba orokorren deialdietan ezarritako zerbitzu minimoak ezarri dituzte, otsailaren 9ko greba orokorrean ezarritakoaren modukoak hain zuzen, orduan sindikatuek “neurriz kanpokotzat” jo zituzten arren.

Osasun eremuan, esaterako, jaiegun batean izan ohi diren langileak eta jarduerak izango dira, hezkuntzan ikastetxeak zabalik egotea bermatzeko beharrezko diren langileak egongo dira, garraio publikoan ohiko zerbitzuen % 30 ezarri dituzte, eta EITBn eguneroko albistegiak horien ohiko ordutegian izatea bermatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea