Ekonomia -
EAE-ko aireportuen balantzea
Bilboko Aireportuan abuztuan inoiz izan den bidaiari kopuru handiena izan da aurten, 572.094
Donostiako Aireportuan bidaiarien trafikoa % 77 igo da 2019ko abuztuaren aldean. Gasteizko Aireportuan, bidaiarien trafikoa % 37,9 gehitu da 2019ko abuztuaren aldean, eta salgaiena, % 8,6, iazko hil beraren aldean.
Agentziak | EITB Media
Bilboko Aireportuak inoizko abuzturik onena izan du bidaiari kopuruari dagokionez. 572.094 bidaiari igaro dira bertatik, pandemia aurreko 2019ko hilabete berean baino % 1 gehiago, AENA aireportuen kudeatzaileak jakitera eman duenez. Urtarriletik abuztura, 3.284.860 pertsona igaro dira aireportutik, 2019an lortutako bolumenaren % 83,3 berreskuratu da, beraz.
Zirkulazio motari dagokionez, estatu mailakoa % 25,4 hazi zen abuztuan 2019ko hil beraren aldean; 358.904 bidaiari izan ziren. Nazioarteko bidaiariak, berriz, 2019ko abuztukoak baino % 76,1 gehiago izan dira; guztira, 212.696 bidaiari.
Donostiako Aireportuak 2019ko abuztuan baino % 77 bidaiari gehiagorekin itxi du abuztua, eta guztira 42.231 bidaiari zenbatu ditu. Urtarriletik abuztura 242.603 bidaiari igaro dira bertatik, 2019ko aldi berean baino % 15,4 gehiago.
Forondako Aireportuak 26.997 bidaiari izan zituen abuztuan, 2021eko hil berean baino ia % 40 gehiago (% 39,9), eta 2019ko epe berean baino % 37,9 gehiago.
Salgaien karga ere hazi egin da abuztuan Gasteizko aireportuan. 5.423 tonara iritsi zen, 2021ean baino % 8,6 gehiago. Horrenbestez, Gasteizko aireportua Espainiako merkantzia trafiko handiena duen laugarrena da, Adolfo Suarez Madril-Barajas, Bartzelona-El Prat eta Zaragozakoaren atzetik.