Ekonomia -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Mendia: "Egoera ziurgabetasun handikoa den arren, hemengo enpresek lana badute eta langileak behar dituzte"

Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburuaren arabera, Espainiako Gobernuak aurreratutako datuen arabera, iraileko langabezia datuak "ez dira txarrak".

Idoia Mendia, gaur, Euskadi Irratian.
Idoia Mendia, gaur, Euskadi Irratian.
Idoia Mendia, gaur, Euskadi Irratian.

play icon 17:06

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal ekonomiaren egoeraren inguruko ikerketa kaleratu du EITB DATAk, gaur, eta hori izan du hizpide Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketaren abiapuntuan. Horren hitzetan, "egoera ziurgabetasun handikoa" da, baina "ezin da diskurtso katastrofistarik" egin.  Abuztua "beti txarra" izaten dela, eta aurtengoa ere halakoa izan dela gogoratu ondoren, "urtebete atzera begiratuta irakurketa positiboa" dela azaldu du. "Datozen hilabeteak zailak izango dira, baina gure enpresek lana badute eta langileak behar dituzte", gehitu du. 

Oraingoz, "enplegua ondo" doala ere adierazi du buruzagi sozialistak, Espainiako Gobernuak aurreratu berri dizkien iraileko enplegu datuak ez direla txarrak nabarmenduz. Inflazioaren ondorioz herritarrek eros ahalmenik gal ez dezaten, sindikatuen eta patronalaren arteko akordioak ezinbestekoak direla uste du. "Negoziazio kolektiboa da ardatz nagusia eta bidea", esan du.

Bestalde, zergak zentralizatzearen alde Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak egindako adierazpenei buruz galdetuta, Mendiak garrantzia kendu nahi izan die, iritzi pertsonala dela esanez, eta ez PSOEk zuzentzen duen Exekutiboaren irizpidea. Mendiaren esanetan, zergen inguruan "armonizazioa egotea" da garrantzitsuena, bai Estatu mailan, baita Europan ere. Zentzu horretan, ondasunen gaineko zerga kentzeko Andaluziako Gobernuak hartu berri duen erabakiari "oso arduragabea" iritzi dio.

Tranferentzien inguruan ere mintzatu da Lan eta Enpleguko sailburua, eta horren iritzian, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko "tirabirak oso normalak" dira, "bakoitzak bere interesak defendatzen dituelako". Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak duela bi aste esandakoen bidetik, transferentzien gaia alboan utzi gabe, herritarren beharrei erantzutea dela "lehentasuna" berretsi du.

Azkenik, bihar Eusko Legebiltzarrean egingo den Politika Orokorreko Osoko Bilkurari begira, akordio zabalak lortzearen alde lan egingo dutela esan du Mendiak. "Nik nire sailean, batez ere, lege garrantzitsu baten inguruan lortu nahi dut akordio zabala, Diru-sarrerak bermatzeko errentaren inguruan. EH Bildurekin eta Podemosekin hitz egiten ari gara, eta akordio zabala lortzea espero dut", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Langabezia Eusko Jaurlaritza Lana berriak Idoia Mendia bideoak Ekonomia albisteak Euskal sozialistak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Irratia euskaraz EITB Data