Ekonomia -
Atxiloketak Frantzian
Gurrutxagari eta Aranbururi ETAko kide izatea egotzi diete
Gurrutxaga ETAko aparatu militarreko buru zela ziurtatzen duten frogarik ez dute atzeman, Frantziako Fiskaltzak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Frantziako Terrorismoaren kontrako Fiskaltzak Oroitz Gurrutxagari eta Xabier Aranbururi ETAko kide izatea egotzi die, besteak beste. Gurrutxaga eta Aranburu joan den igandean atxilotu zituzten Landetan (Frantzia hego-mendebaldean).
Fiskaltzaren iturrien arabera, ikertzaileek ez dute Gurrutxaga ETAko aparatu militarreko buru dela egiaztatzen duen frogarik aurkitu. Asteburuan atxilotu zituzten ustezko ETAko bi kideek gaur deklaratuko dute epailearen aurrean.
"Ezerk ez du berresten" Gurrutxaga ETAko talde militarreko buru zenik, adierazi dute hainbat iturrik. Halaber, ikerketak aurrera jarraitzen duela gaineratu dute, baina Frantziako Ministerio Publikoak ez duela Gurrutxaga erakunde terroristako buru gisa epaitzea eskatuko argitu dute.
Fiskalak ikerketa judizial bat jarriko du abian eta epaileari 14 kargu egozteko eskatuko dio, horien artean, terrorismo delitua, armak eta lehergaiak izatea, lapurreta antolatua eta agiri faltsuak izatea.
Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu igandean atxilotu zituzten Landetan, Frantzia hego-mendebaldean; armak zeramatzaten biek, eta lapurtutako auto batean zihoazen. Ibilgailu horretan, hain zuzen, lehergailuak egiteko materiala atzeman zieten.