Ekonomia -
Kongresua
Hilabete barru jakingo dute Espainiako banketxeek ze diru premia duten
Horixe jakinarazi du Luis de Guindos Ekonomia ministroak, Kongresuak finantzen bigarren erreforma bozkatu aurretik.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia ministroak esan du hilabete barru jakingo dutela Espainiako banketxeek zenbat diru behar duten. Hala ere, uztaila amaieran jakingo da banketxeei egindako auditoriaren emaitza.
De Guindosek Kongresuan egin ditu adierazpenok, azken finantza erreforma bozkatu aurretik egindako agerraldian, diputatu sozialistekin egiten ari ziren negoziaketengatik atzeratu den agerraldian. De Guindosek azaldu duenez, Nazioarteko Diru Funtsak ekainaren 11n argitaratuko ditu Espainiako banketxeen inguruan egindako txostenaren ondorioak.
Era berean, Ekonomia Ministerioak eta Espainiako Bankuak banketxe espainiarrak ebaluatzeko kontratatutako aholkularitza zerbitzuen lana amaituko da astebete geroago.
Hori horrela, ekainaren amaieran finantza sistemak zenbateko finantziazioa behar duen jakingo da. Hala ere, gutxi barru auditora batzuk kontratatuko dituzte eta uztailaren amaieran amaituko dute Espainiako banketxeak ebaluatzeko lana.