Ekonomia -
barne produktu gordina
Espainiako Gobernuak % 4,4ra igoko du hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena, eta % 2,1era murriztuko du 2023koa
Nadia Calviño lehen presidenteordeak "zuhurtzat" jo ditu kalkuluak, eta ez du baztertzen aurten Barne Produktu Gordina are gehiago haztea.
agentziak | eitb media
Espainiako Gobernuak aurtengo hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena % 4,3tik % 4,4ra igotzea aurreikusi du, baina sei hamarren murriztuko ditu 2023ko Barne Produktu Gordinerako (BPG) kalkuluak, % 2,1era. Hala adierazi du Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako eta Transformazio Digitalerako ministroak, astelehen honetan Luxenburgon Eurotaldearen bilerara sartu denean.
"Aurreikuspen zuhurra da, irailera arte ditugun adierazleek eta datuek goranzko berrikuspen handiagoa egitea ahalbidetu baitezakete", gaineratu du presidenteordeak.
"Jarduera eta enplegu sorrera handia ikusi ditugu, baita diru sarrera fiskaletan ere; beraz, badirudi Espainiako ekonomiak, irailera arte, nahiko indartsu hazten jarraitzen duela", nabarmendu du Gobernuko arduradun ekonomikoak.
Uztailaren amaieran, % 4,3an mantendu zuen Espainiako Gobernuak aurtengo hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena, baina zortzi hamarren murriztu zuen 2023rako estimazioa, % 2,7ra arte; Ukrainako gerraren eraginak eta prezioen igoerak, energiarenak batik bat, eragindako testuinguru ziurgabe batean.
Hala, Calviñok adierazi du BPGaren % 2,1eko igoera tasa "gure inguruko herrialde garrantzitsuenen eta Europar Batasuneko batezbestekoaren gainetik" egongo litzatekeela.
Estatuko eta nazioarteko erakunde gehienek Espainian 2023rako dituzten aurreikuspenak behera egiten ari dira, eta % 2 bueltan kokatzen dute hazkundea. Izan ere, egungoa bezalako ziurgabetasun testuinguru batean, Consensus Forecasts enpresaren iraileko aurreikuspenek % 4,3ko hazkundea aurreikusten dute Espainian 2022rako, egonkorra, ekainaren aldean; eta % 1,6koa 2023an (ekainean aurreikusitako % 3aren aldean).