Ekonomia -

Kontsumorako Prezioen Indizea

Urte arteko KPIa hirugarren hilabetez jarraian jaitsi da, eta % 7,3an dago

Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako behin-behineko datuen arabera, irailetik, 1,6 puntu jaitsi da urte arteko inflazioa.

Olioa supermerkatuko apaletan. Artxiboko argazkia: EFE
Olioa supermerkatuko apaletan. Artxiboko argazkia: EFE
Olioa supermerkatuko apaletan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiar Estatuko Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) lau hamarren egin du gora urrian aurreko hilaren aldean, eta 1,6 puntu jaitsi da urte arteko tasa, % 7,3ra arte, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) gaur argitaratutako behin-behineko datuen arabera.

Urriko datua datorren hilaren erdialdean baieztatu beharko du INEk. Baieztatzen bada, uztailetik, 3,5 puntu jaitsi da urte arteko inflazioa. Izan ere, orduan, urte arteko KPIa % 10,8koa izan zen, 1984ko irailetik altuena.

1,6 puntuko beherakada kontuan hartuta, inflazioak hirugarren hilabetez jarraian behera egin du urte arteko tasan, abuztuan hiru hamarren jaitsi ondoren uztailetik, % 10,5era arte, eta irailean 1,6 puntu, % 8,9raino.

Batez ere, elektrizitatearen prezioen jaitsieragatik eta, neurri txikiagoan, gasaren merkatzeagatik jaitsi da urte arteko indizea % 7,3raino.

Azpiko inflazioa % 6,2an mantendu da

Energia eta elikagai freskoak kontuan hartu gabe kalkulatzen den azpiko inflazioan, ostera, ez da aldaketarik izan. Irailean % 6,2an kokatu zen, eta urrian, mantendu egin da.

Adierazle hori 1993ko urtarriletik izandako mailarik altuenera iritsi zen abuztuan: % 6,4.

Urrian, Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuaren (KPI) urte arteko tasa % 7,3an kokatu da, aurreko hileko urte artekoa baino puntu eta erdi baino beherago. Hala ere, KPI harmonizatua % 0,1 igo da azken hilabetean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia KPI berriak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Albisteak Elektrizitatea