Ekonomia -

aurrekontu orokorrak

Gipuzkoak 1.129 milioi euroko aurrekontuak aurkeztu ditu 2023rako, 2022an baino 87,6 milioi gehiago

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023ko aurrekontu orokorretarako proposatutako proiektuak zenbatekoaren % 8,41ko hazkundea suposatzen du aurreko urtekoarekiko.

Markel Olano, gaur Donostian, Xabier Ezizabarrenak eta Jokin Peronak lagunduta. Argazkia: EFE
Markel Olano, gaur Donostian, Xabier Ezizabarrenak eta Jokin Peronak lagunduta. Argazkia: EFE
Markel Olano, gaur Donostian, Xabier Ezizabarrenak eta Jokin Peronak lagunduta. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023rako aurrekontu orokorretarako proiektua aurkeztu du astelehen honetan, eta 1.129,4 milioi euroko aurrekontu propioa mahaigaineratu du horrek, 2022an baino 87,6 milioi gehiago alegia, eta % 8,41 gehiago. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, "aurrekonturik handiena" da foru erakundearen historian.

Nabarmendu duenez, aurrekontu "sozialak, inbertitzaileak eta jasangarriak" dira. Gizarte esparruan, "inoizko konturik sozialenak ditugu, petsonarik zaurgarrienak uneko egoeraren aurrean babesteko", eta, lehen aldiz, "700 euro bideratuko dira biztanleko, gizarte politiketan".

Ekonomiari dagokionez, berriz, helburua da "ehun ekonomikoa babestea eta etorkizuneko ekonomiaren oinarriak indartzea, izaera inbertitzaileko aurrekontu batekin", eta bikoiztu egingo dira "jasangarritasunarekiko konpromisoa, klima aldaketaren aurkako borroka eta eredu sozial eta ekonomiko jasangarriago bateranzko trantsizioa".

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuarekin eta Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuarekin batera aritu da Olano, datorren denboraldirako foru aurrekontu proiektuari buruzko nondik norakoak aurkezteko.

Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu egin du proposamena, eta eguerdian Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteari helarazi diote. Proiektua Foru Ganberan eztabaidatuko da, batzordean lehenik, zuzenketen bidez gero eta osoko bilkuran azkenik. Prozesuak bi hilabete inguru iraungo du eta, aurreikuspenen arabera, 2023ko foru kontuek urtea amaitu baino lehen jaso dezakete Batzarren behin betiko oniritzia.

"Ziurgabetasunen aurrean", Olanok "konfiantza eta lasaitasun" mezua bidali nahi izan du eta, nabarmendu duenez, "Gipuzkoako Foru Aldundian etxerako lanak egin ditugu eta prest gaude".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Aurrekontu Orokorren albisteak Arabako Foru Aurrekontuak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa