Ekonomia -
Frantzia
Hollandek 60 urtera jaitsi du erretiro adina, baina kasu batzuetarako
Hain zuzen ere, 41 urte kotizatzen dituztenak erretiratu ahalko dira 60 urterekin.
Erredakzioa
Frantziako Gobernu berriak aldaketa bat egin du 2010ean Nicolas Sarkozyk egindako pentsioen erreforman, gehienezko kotizazioa (41 urte) egin duten pertsonak 60 urterekin erretiratzeko, 62rekin izan beharrean.
41 urteko kotizazio epe horretan, emakumeek bi hiruhilekotako bi amatasun-baja har ditzakete, eta pertsona guztiek bi hiruhileko eman ditzakete langabezian, Marisol Touraine Gai Sozialetako ministroak azaldu zuenez.
Neurria azaroan sartuko da indarrean, eta guztira 110.000 pertsonari eragingo die. Kostua 3.000 milioi eurokoa izango da, hau da, François Hollande Frantziako presidentearen hauteskunde programak aurrez ikusitako 5.000 milioi euroak baino gutxiago.
Frantzian legegintzarako hauteskundeak izan baino egun batzuk lehenago iragarri du neurria Gobernuak.
Hain zuzen ere, hauteskunde horien lehen itzulia igandean egingo dute, eta, horietan, ezkerrak gehiengoa lortu nahi du, arazo barik gobernatu eta hauteskunde kanpainiako promesak bete ahal izateko.
2010eko erreforman, Sarkozy presidenteak bi urte atzeratu zuen erretiro adina, 60etik 62ra.