Ekonomia -

Espainiako bankuen erreskatea

Erreskatearen zenbakiak

NDFk uste du erreskateak 40.000 milioi eurokoa izan behar duela; S&Pk 80.000-112.000 milioi euro artekoa eta Europako PPk 80.000-100.000 milioi euro artekoa.

Mariano Rajoy eta Mark Rutte Holandako lehen ministroa. EFE
Zifren dantza, Espainiako bankuen erreskatearen zenbatekoaren inguruan

00:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko erakundeak ez dira ados jarri Espainiako bankuen erreskatearen balizko zenbatekoaren inguruan. Nazioarteko Diru Funtsak (FMI) uste du Espainiako bankuek 40.000 milioi euroko 'zuloa' dutela, baina Standard & Poor's agentziak 80.000-112.000 milioi euro artekoa kalkulatu du, eta Europako PPk 80.000-100.000 milioi euro artekoa.

NDFk eta Gobernuak kontratatutako ikuskariek ez dituzte publikatu oraindik euren txostenak, baina hainbat hedabidek filtratu dutenez, NDFk 40.000 milioi euro erreskatea zenbatetsi du.

Diru horrekin, finantza erakundeen kredituen bermea % 12-13ra igoko da, astelehenean ezagutaraziko duten txostenaren arabera.

Ondorio horiek lortzeko, Christine Lagarde frantziarrak zuzentzen duen erakundeak Bankiaren birkapitalizazio plana zehazteko erabilitako irizpide berdinak erabili ditu.

Bestalde, Standard & Poor's kalifikazio agentziaren ustez, Espainiako bankuek 80.000 eta 112.000 milioi euro artean beharko dituzte 2013 urteko amaiera arte, 2011ko galerak ere kontuan hartuta (5.000-16.000 milioi eurokoak).

Europako Alderdi Popularrak (PPE) antzeko zenbakiak eman ditu. Izan ere, Antonio Lopez-Isturiz idazkari nagusiaren esanetan, bankuen erreskatea 80.000-100.000 milioi eurokoa izan beharko da.

"Erreskate funtsak jasan dezakeen mugen barnean dago zifra, funtsa 240.000 milioi eurokoa baita", azaldu du, TVEn egindako elkarrizketa batean.

Dena dela, Lopez-Isturizek gaineratu du kalkulu horiek ez direla "zehatzak". "NDFren eta ikuskarien txostenak ezagutu arte, inork ez daki ezer", ohartarazi du.

Gobernuak ez du zenbakirik aurreratu nahi

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eta Luis de Guindos Ekonomia ministroak ez dute balizko erreskateari buruzko zenbakirik aurreratu nahi izan. "Ez dut zenbakiekin espekulatuko", nabarmendu zuen atzo De Guindosek.

Gobernuburua ere iritzi berekoa da. Izan ere, horren esanetan, Gobernuak "benetako" zenbakia eman behar du.

Europako Batzordeak adierazi du aipatu zifra guztiak "astakeriak" direla, eta, hortaz, zuhurtzia eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea