Ekonomia -
elkarrizketa radio euskadin
Ivan Grande: "Euskadi modan dago. 15 helmuga berri izango ditu Bilbok 2023ko udan"
Bilboko Aireportuaren zuzendariak aurreratu du Marrakech, Santorini, Erroma, Florentzia, Faro, Hanburgo, Brusela, Varsovia eta Azore uharteak izango direla aireportuaren helmuga berriak, eta 'low cost' prezioen amaiera iragarri du.
eitb media
Ivan Grande Merinok, Bilboko Aireportuko zuzendariak, 2022ko jardueraren balantzea "oso positiboa" izan dela adierazi du gaur, ostirala, Radio Euskadik eginiko elkarrizketan. Konstituzio zubiak oso datu onak utzi dituela ere esan du: "1.100 hegaldi inguru egin dira, eta egun potenterako, hau da, datorren iganderako, 125 hegaldi daude programatuta. Zirkulu Polar Artikora eta guzti".
"Dagoeneko atzean utzi dugu pandemia. Aurreko urteak zapore gozoa utzi zigun, aurtengoan, ordea, pandemia aurreko datuak berreskuratzen ari gara", gaineratu du zuzendariak.
Zentzu horretan, nabarmendu du Euskadi "balio erantsi handiko" gune turistikotzat hartzen dutela hegazkin konpainiek: "Euskadi modan dago. Kalitatezko turismoa bilatzen da berton: gastronomia, ibilbide berdeak, ingurumena... Guzti horrek balio erantsi izugarria ematen dio".
Hegazkin-txartelen inguruan ere mintzatu da Grande Merino, eta hauen prezioa %10 eta % 50 artean garestitu dela adierazi du. Ondorioz, 'low cost' gisa ezagunak diren txartel merkeen garaia amaitutzat eman du. "Aurrerantzean, argi dago gehiago ordaindu beharko dugula hegazkin-txartelengatik. Egia da, helmuga jakin batzuetako prezioak merkeak izaten jarraituko dutela, baina Ryanair konpainiak eskaintzen zuen salneurria mantentzea ezinezkoa izango da inflazioaren ondorioz", gaineratu du.
Erregaien harira, hegazkin konpainia askok prezioen aurreikuspenak egiten dituztela azaldu du. "Finean, hegaldi errentagarriak izateko gakoa prezioak doitzean dago". Hala ere, 2023ra begira baikor agertu da, jendeak bidaiatzeko gogotsu dagoelako.
Bestalde, Bilboko Aireportuak mugei ateak irekitzen jarraitzeko asmoa duela esan du zuzendariak, eta 2023ko udarako 15 helmuga berri izango direla aurreratu du Radio Euskadin. Negozio bidaietara baino, turismora bideratutako helmugak izango direla azpimarratu du: "Volotea konpainiarekin Marrakech, Santorini, Erroma, Florentzia eta Farora bidaiatu ahalko dugu, eta beste horrenbeste Vueling konpainiarekin; hala nola, Hanburgo, Brusela, Varsovia eta Azore uharteak".