Ekonomia -
zerga politikak
Aberastasun handien gaineko zerga lehenbailehen hitzartzea espero du Azpiazuk
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak aipatu du Euskal Autonomia Erkidegoak parte hartu nahi duela aldi baterako energia kargetan, kreditu erakundeetan eta kredituko finantza establezimenduetan.
agentziak | eitb media
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak esan duenez, aberastasun handien gaineko zerga Espainiako Gobernuarekin "lehenbailehen" hitzartu ahal izatea espero du; baita aldi baterako energia kargetan, kreditu erakundeetan eta kredituko finantza establezimenduetan Eusko Jaurlaritzak izango duen parte hartzea ere.
Azpiazuk Legebiltzarreko batzordean egin ditu adierazpenok, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan 2022ko azaroaren 17ko bileran hartutako erabakien berri emateko.
Horietatik garrantzitsuena 2022-2026 bosturtekorako kupoaren metodologia berria jasotzen duena da. Metodologia horrek 1472 milioi eurotan finkatzen du oinarri urteko behin behineko kupoa, iaz ordaindutakoaren oso antzekoa.
Gainera, bi zerga berri ituntzea adostu zuten, Plastikozko Ontzi Berrerabilgarrien gaineko Zerga Berezia eta Hondakinak Zabortegietan Biltegiratzearen, Errausketaren eta Hondakinen Baterako Errausketaren gaineko Zerga, besteak beste.
Azpiazuk azpimarratu du akordio guztiak direla garrantzitsuak, "Euskadiren eta Estatuaren arteko aldebiko akordioaren adierazlerik argiena" direlako, baina kupoaren metodologia berriari buruzkoa azpimarratu du, "datozen bost urteetarako finantza egonkortasuna" ahalbidetuko duelako.
"Espero dugu laster Legebiltzarrera itzultzea, lortutako akordioen berri emateko", azaldu du sailburuak, eta azpimarratu du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoko akordioek "diru bilketarako gaitasuna handitzen jarraitzea" ahalbidetzen dutela.