Ekonomia -
Ibilgailuen salmenta
Abendua al da hilabeterik onena auto bat erosteko?
Zein da urteko garairik onena ibilgailu bat ahalik eta merkeen erosteko? EITB Mediak Real Club del Automóvil Vasco Navarroko bozeramaile Mario Garciarekin hitz egin du.
Naiara Ballesteros | EITB Media
Abendua urteko garairik onena da auto bat erosteko, baina zergatik da hori eta ez beste hilabete bat autoak ahalik eta merkeen erosteko unerik onena? Mario Garciak, Real Club del Automóvil Vasco Navarroko (RACVN) bozeramaileak, baieztapen horren gakoak ditu: kontzesionarioek urtea ahalik eta matrikulazio kopururik handienarekin itxi nahi dute, eta urte hasieran ezarritako helburuak eta xedeak bete.
Gainera, kontzesionarioei gustatzen zaie urtea ibilgailu garbi eta saneatuen stockarekin hastea; horregatik, txandakatze txikiagoa izan duten unitateak kentzen saiatzen dira, kontsumitzailearen arreta erakarriko duten eskaintza interesgarriekin.
Salmenta prozesu batean faktore askok esku hartzen duten arren, eta nahiz eta prozesu horri buruzko arau zorrotzik ez dagoen, egia da, abenduan, salmentaren azken prezioaren gaineko eskaintzak eta beherapenak ugariak direla, eta erosketa adimentsua izan daitekeela.
Hala ere, badira beste data batzuk, eta horietan ere onuragarria izan daiteke auto berri bat erostea, zero kilometrokoa, run out modeloak (birmoldaketa jasan duten modeloak) edo bigarren eskukoa.