Ekonomia -
Errepide sarea
Ugarte: 'Ez dugu inoiz esan bidesarien sarea handituko dugunik'
Hala ere, Gipuzkoako errepideen finantziazioa hobetzeko sistema berria martxan jarri behar dutela berretsi du Aldundiko bozeramaileak.
Erredakzioa
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen hitzetan, Bilduk ez du inoiz esan "Gipuzkoako bidesarien sarea" handituko duenik. Hala ere, Gipuzkoako errepideen finantziazioa hobetzeko sistema berria martxan jarri behar dutela berretsi du.
Koalizioak Gipuzkoan aurkeztuko duen eredu berriarekin "jende askok orain baino gutxiago" ordainduko duela gaineratu du Larraitz Ugartek, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.
Horrez gain, gipuzkoarren artek "diskriminazioak" bukatu egingo direla nabarmendu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru aste barru aurkeztuko du errepideak kudeatzeko sistema berria eta, une horretara arte, ez dute xehetasunik aurreratuko, Ugarteren hitzetan.
Hala ere, Radio Euskadin esan du “errepideak erabiltzen dituenak ordaindu behar dituela” proposatuko dutela. Bere ustez, “ahalmen handiko” errepide guztietan ordaindu behar da, baina ordaintzeko modua ez da derrigorrez bidesaria izan behar.
Gipuzkoako bozeramaileak azaldu duenez, egun Bidegiren diru-sarrera gehienak bidesarien bidez lortzen dira, eta bidesarien zati haundiena gipuzkoarrek ordaintzen dute.
Ugartek azpimarratu du Bidegiren zorra ordaindu beharko dutela, baina hori ez dela gipuzkoarren kontura bakarrik egin behar. Bidesariak jartzea eta gipuzkoar batzuei kalte egitea ez du "egokitzat" jo. "Diskriminazioak saihestea eta gipuzkoar askok duten zama arintzea izango dira Diputazioak kontutan hartuko dituen irizpidetako batzuk".
Oposizioari erantzunez, Ugartek adierazi du Bilduk ez duela inoiz errepideen doakotasuna defendatu eta azaldu du Aldundian sartu arte ez dutela jakin zein zen Bidegiren zorra eta zein zen errepideak mantentzeko kostua.