Ekonomia -

EUSKADI IRRATIA

Cuenca: "2023an Euriborra igotzen jarraitzea espero da, baina 2024rako jaitsiera aurreikus daiteke"

Ekonomialari bilbotarrak esan duenez, azken hilabeteotako datuak kontuan hartuta, Euriborrak goranzko joerari eutsiko dio hastear dagoen urtean ere. Interes tasak % 3ko langa gainditzea ere ez du baztertu.

Nico Cuenca ekonomialaria, artxiboko irudi batean
Nico Cuenca ekonomialaria, artxiboko irudi batean
Nico Cuenca ekonomialaria, artxiboko irudi batean

play icon 11:30

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hastear dagon urtearen aurreikuspen ekonomikoa egin du Niko Cuenca ekonomialariak Euskadi Irratian. Prezioek eta interes tasek goranzko joerari eutsiko diotela uste du, bai behintzat, 2023ko lehen zatian, baina urte amaiera aldera joera aldaketa etor daitekeenaren zantzuak ikusten ditu merkatuan.

Besteak beste, Euriborraren — hipotekak kalkulatzeko Espainian gehien erabiltzen den interes tasa— joeraz mintzatu da Cuenca, eta Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentearen hitzak ekarri ditu gogora. "Ez dago zalantzarik Euriborrak igotzen jarraituko duela, baina sakontasunean dago zalantza. Hau da, igoera hori zenbaterainokoa izan den da ikusteko dagoena". Zentzu horretan, erreferentziazkoa den adierazle horrek % 3ko langa gainditzea litekeena dela gaineratu du. 

Halere, tunelaren amaiera argi izpi bat ere ikusten du ekonomialari bilbotarrak, eta "merkatu batzuetan, jada, 2024rako jaitsiera etor daitekeen" zantzuak atzematen direla ziurtatu du. "2023an Euriborrak igotzen jarraitzea espero da, baina 2024rako jaitsiera aurreikus daiteke.

Inflazioari buruz ere mintzatu da Cuenca. Uztailean urte arteko inflazioa % 10'8ra igo zen, azken 48 urteetako daturik altuena. Ordutik, inflazioa jaisten joan da eta abenduan % 5'8koa izan da, aurreko hilean baino puntu bat gutxiago. Azpiko inflazioa —landu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak kontuan hartu gabe kalkulatzen dena—, berriz, ehuneko % 6'9ra igo da, sei hamarren gehiago azaroko datuarekin alderatuta. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, moteltze hori elektrizitatearen prezioek eragin dute, 2021eko abenduan baino gutxiago igo direlako. Erregaiek ere eragina izan dute, iazkoak baino jaitsiera handiagoa izan dutelako. Aldiz, jantzien eta oinetakoen prezioak gutxiago jaitsi dira 2021eko abendurekin alderatuta, eta igo egin dira tabakoarenak eta elikagai prestatuenak.

Azpiko Inflazioa orokorraren gainetik geratu izana da azpimarratzekoa, Cuencaren ustez. KPIaren azterketa egiterakoan, azpiko inflazioari erreparatu behar zaiola esan du. "Ez da batere ohiko azpiko inflazioa orokorraren gainetik egotea, baina bere logika ere badu. Hurrenkera bat da: hasieran freskoak diren elikagaiak gero ekoizpen katean sartzen dira. Lekak, esaterako, ez dira sartzen azpiko inflazioan, baina leken kontserbak bai. Apurka apurka hasten da bat jaisten, eta ondoren bestea hasiko da beheraka. Orokorra jaitsi den heinean azpiko inflazioa ere jaitsiko da".

Horren guztiaren ondorio dira, Cuencaren irudikoz, Espainiako Gobernuak oinarrizko elikagaien BEZa murrizteko iragarritako neurriak. "Gobernuak oso garbi du zein den gizartearen kezka, eta neurri guztiak oinarriko produktuen prezioak kontrolatzera doaz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Kredituak Kontsumorako prezioen indize Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Etxebizitza