Ekonomia -

Pentsioak

EAEko erretiro pentsioak 131,36 euro igoko dira batez beste

Espainiako Gobernuak onartutako % 8,5eko igoeraren ondoren, batez besteko jubilazio pentsioa 1.676,68 eurokoa izango da, eta Estatuko altuena izango da. Pentsio guztien batez bestekoa 1.474,44 eurokoa izango da.

Jubilatuak. Argazkia: Pixabay
Jubilatuak.
Jubilatuak. Argazkia: Pixabay

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko erretiratuek, batez beste, 1.676,68 euro kobratuko dituzte hilean hurrengo nominatik aurrera, aurten baino 131,36 euro gehiago. Ministroen Kontseiluak abenduaren 27an onartutako % 8,5eko igoeraren ondoren ?inflazioarekin kalkulatuta?, jubilatuek 1.839 euro gehiago jasoko dituzte urtean, hau da, "aparteko hileko soldata bat edo hamabost ordainsari urtean", Denis Itxasoren hitzetan.

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzaren datuen arabera, Euskadiko pentsioak Estatuko altuena izaten jarraituko du. Espainiako batez bestekoa hilean 1.368 eurokoa da.

2023an, pentsio handienak Bizkaian izango dira (1.710 euro), ondoren Araban (1.693 euro) eta azkenik Gipuzkoan (1.622 euro). 2018tik, pentsioen balioa 308,57 handitu da, eta igoerarik handiena 2023koa da.

Gainerako pentsioak ere proportzio berean igoko dira, erretiroko eta baliaezintasuneko kotizazio gabeko pentsioak eta BGDS izan ezik, horiek % 15 igoko baitira.

Espainiako Gobernuaren ordezkariak nabarmendu du erretiratuen erosteko ahalmenari eutsiko zaiola sistemaren kontuak indartzen diren bitartean. "Gobernuak enpleguaren kalitatea babesteko eta hobetzeko neurriak hartu ditu, hala nola, lan erreforma. Neurri horiek sistemaren diru sarrerak hobetzen ari dira, eta aurrekontu oreka lortzen. Neurri gehiago ere hartu dira. Izan ere, aurrekontuak bere gain hartu ditu Gizarte Segurantzak finantzatu behar ez dituen gastuak", esan du Itxasok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak