Ekonomia -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Pentsio sistema propio baten beharra aldarrikatu du Garbiñe Aranburuk

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, aurreratu du euskal alderdiei eta Podemosi eskutitzak bidali dizkietela azken urteetako murrizketen bidea albora dezaten, pentsio erreforman murrizketa berririk onar ez dezaten eta pentsio sistema propio baten aldeko eztabaidari bidea eman diezaioten.

LAB sindikatuko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu
LAB sindikatuko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu
LAB sindikatuko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu

play icon 24:51

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu elkarrizketatu dute gaur, asteartearekin, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Ekonomiaren gorabeherak hizpide, Hego Euskal Herriak pentsio sistema propioa behar duela azpimarratu du Aranburuk gaurko honetan ere. "Soldatak hobetzea, kotizazio mugak altxatzea eta pentsioak bermatzea dira egin nahi ez dituzten baina egin beharko lituzketen erreformak. Zaila da Espainiako Estatuan pentsioen erreforma zertan geratuko den jakitea, baina guretzat marra gorria gainditzea litzateke murrizketa berri oro, orain arteko aldaketa guztiek sistema publikoa ahuldu baitute", azaldu du.

Zentzu horretan, aurreratu du euskal alderdiei eta Podemosi bidali dizkietela azken urteetako murrizketen bidea albora dezaten, pentsio erreforman murrizketa berririk onar ez dezaten eta pentsio sistema propio baten aldeko eztabaidari bidea eman diezaioten.

"Kontzertu ekonomikoak horretarako aukera ematen du, alegia, sistema propio bat eratzeko. Kontua da hemen Confebaskek agintzen duela. Nahitaezkoa da parte hartze soziala bermatzea eta sindikatuei hitza ematea, baditugu-eta hainbat proposamen", erantsi du. 

BEZari Espainiako Gobernuak ezarritako muga hizpide, pauso ausartagoak eskatu ditu. "Neurriak ez dira norabide egokian hartu. Momentu jakin batean aringarri izan daitezke, baina horrekin ez da nahikoa. Kapital errenten eta enpresa handien irabaziak gehiago zergapetu behar dira. Bada garaia aberastasunaren birbanaketaren eztabaidari heltzeko, ezberdintasun sozialak areagotu ez daitezen, eta aberastasuna oker banatu ez dadin", esan du.

Langile publikoen soldata igoerari buruz galdetuta, Aranburuk gogora ekarri du arau orokor bat dagoela Estatuari aukera ematen diona horien soldaten gaineko erabakiak hartzeko, baina hori "aitzakia" baino ez dela adierazi du. "Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakin badakite, borondatea izanez gero, langile publikoen soldatak arautzeko ahalmena dutela. Horregatik, behargin publikoen soldatak igotzea defendatzen dugu. Halere, horrek ezin ditu enpresa pribatuen soldata igoerak baldintzatu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia Sindikatuak Espainian Pentsioak azken ordukoa