Ekonomia -
Osasun politiken jardunaldia
Euskadi defizitarekin hipotekatzea egotzi dio Urkulluk PSE-EEri
Jaurlaritzak "ez diola krisi ekonomikoaren errealitateari aurre egin nahi izan" esan du EAJko presidenteak.
Erredakzioa
Euskadiko "etorkizuna hipotekatzea" egotzi dio Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Jaurlaritzari, "zorra eta defizit publikoa muturreraino" eramateagatik. Gainera, "erkidegoko errealitateak zulo batean sartu zaiola islatzen du", adierazi du.
Bilbon, EAJk antolatu duen osasun politiken inguruko jardunaldian hitz egin du Urkulluk. "Osasun sistema jasangarri eta kalitatezkoaren alde" izeneko hitzaldian, "osasun zerbitzu publikoa orain hiru urte baino okerragoa da", adierazi du Urkulluk, "erabiltzaileek eta sektoreko profesionalek adierazten dutenaren arabera".
PSE-EEren Jaurlaritza kritikatu du EAJko presidenteak, izan ere, "ez dio krisi ekonomikoaren errealitateari aurre egin nahi izan, eta gainera, herritarrei ezkutatu nahi izan die", argudiatu du.
"Orain, ez dago baliabiderik, eta zergak igo nahi dituzte, baina planifikaziorik gabe", esan du Urkulluk. "Zulo batean sartu gaituzte, eta gure lana, orain, galdutako denbora, ilusioa eta etorkizuna berreskuratzea da". Ildo honetan, zerbitzu publikoak "suspertzea" lortuko dela ziurtatu du.
Horregatik, "zerbitzu publikoak bermatzeko, Jaurlaritzaren funtzio publikoa indartzeko eta sistemaren antolakuntza eta kudeaketa hobetzeko" konpromisoa hartu du.