Ekonomia -

Bankuen erreskatea

Espainiak gaur egingo du erreskatearen eskaera ofiziala

Hala ere, Gobernuaren arabera, eskaera horretan ez dute diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko.

De Guindos eta Jean Claude Juncker Eurotaldeko presidentea. Efe.
Erreskatea gaur eskatuko dutela iradoki du De Guindosek
De Guindos eta Jean Claude Juncker Eurotaldeko presidentea. Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis de Guindos Ekonomia ministroak bankuak erreskatatzeko laguntza eskatuko dio gaur ofizialki Eurotaldeari, baina ez dute zehaztuko 100.000 milioi horiek nola banatuko dituzten.

Espainiako bankuek 62.000 milioi euro beharko dituzte testuinguru makurrenean, Barne Produktu Gordinak datozen hiru urteetan % 6,5 egiten badu behera, Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitza zerbitzuek egindako txostenean agertzen denez.

Bankuen erreskatearen baldintzak uztailaren 9rako negoziatu nahi ditu De Guindosek Eurotaldearekin.

Erreskatearen zenbateko zehatza negoziazio horren ostean erabakiko dute. Ekonomia ministroak espero du mailegua epe luzerako izango dela, 15 urtetik gora, 5-10 urteko grazia epea izango duela eta interes-tasak % 3 edo 4 inguruan egongo direla

Bankuen kapitalizazio zuzena

Ekonomia ministroak uste du bankuak zuzenean kapitalizatzeko aukerak bere horretan jarraitzen duela, eta datorren asteetan edo hilabeteetan Europako agintariekin hori adosteko esperantza du.

Era berean, Espainiako Gobernuak bankuen egoerari buruzko bigarren txostenak, irailean argitaratuko denak, 62.000 milioi euroko kapital beharra baino txikiagoa aurreikustea espero du.

Merkel eta Hollande, asteazkenean

Bestalde, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra François Hollande Frantziako presidentearekin bilduko da asteazken arratsaldean. Bileraren xede nagusia ekainaren 28 eta 29ko goi-bilera prestatzea da, Eliseoaren arabera.

Zehazki, bilera horretan Europako Kontseilua, nazioarteko egoera eta Frantzia eta Alemaniaren arteko harremanak izango dira eztabaidatuko dituzten gai nagusiak.

Horren aurretik, astelehenean, Hollande Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentearekin eta Christian Noyer Frantziako Bankukoarekin elkarrizketatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea