Ekonomia -

Proiektu polemikoa

Eurovegas: hasi da jokoa

Eurovegas eraikitzeko proiektuaren erruleta irailean geldituko da, Sheldon Adelson handiki estatubatuarrak Europako jokoaren egoitza non egingo duen erabakitzen duenean.

Sheldon Adelson Las Vegas Sands Corporation konpainiaren zuzendari exekutiboa. Argazkia: EFE
Sheldon Adelson Las Vegas Sands Corporation konpainiaren zuzendari exekutiboa. Argazkia: EFE
Sheldon Adelson Las Vegas Sands Corporation konpainiaren zuzendari exekutiboa. Argazkia: EFE

A.A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelona eta Madril Sheldon Adelson handiki estatubatuarraren Eurovegas proiektua hartzeko lehian dabiltza azken hilabeteetan. Horrela, Adelsonek aukeratzen duen hiria Europako jokoaren hiriburu bilakatuko da. Hala ere, proiektuak polemika handia eragin du: erakundeek Eurovegasek Espainiari ekar diezaiokeen bultzada ekonomikoa babesten dute, eta proiektuaren aurkakoek zalantzan jartzen dituzte iragarritako lanpostuen kopurua eta ekimenaren jasangarritasuna.

Las Vegas Sands Corporation konpainiaren zuzendari exekutiboa da Adelson, eta egun hauetan 14 pertsonak osatutako ordezkaritza bidali du Bartzelonara eta Madrilera, Eurovegas eraikitzeko begiratzen ari diren kokapenak gertutik ikusteko.

Madril eta Bartzelona, borrokan

Bartzelonan, babestutako naturagune asko dituen Llobregateko delta hautatu dute 40 solairuko eraikinak, golf zelaiak eta bungalowak hartzeko. Madrilen, Alcorcon, Valdecarros eta Paracuellos del Jarama eta Torrejon de Ardoz herrien artean eskaini dituzten lurrak ari dira lehian Eurovegas hartzeko.

"Proiektu honen atzean, milaka azpijoko eta komisio daude. Espainian horrelako kasu asko izan dira: Ciudad Realeko aireportua, Monegroseko proiektua (Andelsonen proiektuaren antzekoa)... Eta, azkenean, ez da ezer egin", salatu zuen Carlos Delgado Union por Leganeseko ordezkariak Radio Euskadin.

"Susmoak ditugu gizon honek hobari fiskalak lortu, Eurovegasen sarreran metro geltoki bat eraikitzea eta aurrekari penalak omen dituzten langileak ekarri nahi dituela esaten duenetik. Horrek guztiak azken urteetan izan ditugun eta Espainia dagoen bezala utzi duten eskandaluen moduko bat dela pentsarazten digu", gaineratu zuen Delgadok.

Bitartean, Las Vegas Sands Corporationek Eurovegas proiektua Espainian egingo dutela berretsi du, baina irailera arte atzeratu du non eraikiko duen erabakitzeko epea. Espainian egitea eragotziko lukeen "gauza bakarra" euroa hondatzea edo bankuek finantza-arazoak izatea izango litzateke, baina Adelsonek esan du Espainiarekin "konfiantza" duela.

"Salbuespen juridikoa"

Adelsonen konpainiaren arabera, Eurovegas eraikitzeko lehen fasean , gutxienez, 15.000 lanpostu sortuko dira, eta, bukatu ostean, 15.000 pertsonari emango diete lan. Guztira, Adelsonek 18.800 milioi euro inbertituko dituela eta 164.000 lanpostu zuzen eta zeharka 97.000 sortuko dituela agindu du. Halere, denek ez dituzte zenbaki horiek sinetsi.

Jokoaren hiria eraikitzearen truke, Adelsonek hainbat baldintza jarri ditu, eta, proiektuaren aurka daudenen ustez, horiek onartzea "gizarte demokratiko bateko bizikidetzarako oinarriak" negoziatzea izango litzateke, Sol Sanchez Plataforma Eurovegas No elkarteko kideak Radio Euskadin azaldu zuenez. Eurovegas No plataformak "obskurantismoa" eta "arduragabekeria" egotzi die proiektu honetan nahasita dauden Administrazio publikoei, eta Eurovegasen aurkako 35.000 sinadura jaso dituztela azaldu du. Jokoaren hiri honen aurka daudenek prostituzioari eta diru beltzari buruz ere hitz egiten dute.

Las Vegas Sands Corporationek egindako eskakizunekin, "salbuespen juridikoa duen lurraldea" sortuko litzateke, eta hori da proiektuaren aurka daudenek salatzen duten gauzetako bat. Hauek dira Adelsonen eskari batzuk: hitzarmen kolektiboen zorroztasuna leuntzeko Langileen Estatutua aldatzea, lan-baimenen eskakizunak azkartzeko atzerritartasun legea aldatzea, bi urtez segurtasun sozialaren kuotak eta zergak ordaindu behar ez izatea, eta Eurovegas egiten duten herriak lursail publikoa ematea.

Aurrekaria

Singapurren, dagoeneko badakite handiki estatubatuarrak bertan inbertitzea zer den; izan ere, han ere jokoaren hiri bat sortu du Adelsonek. Leon Perera SPRIk Singapurren duen ordezkariak eman dituen datuen arabera, "2011n, hiru bilioi dolar inguruko diru-sarrerak izan zituzten. Emaitza oso onak dira, eta errentagarritasuna oso altua da". Gainera, bi urtetan, Adelsonek Singapurren dituen bi kasinoek "20.000 lanpostu zuzen eta 40.000 zeharkako sortu ditu, Gobernuak azaldu dunaren arabera".

"Bi kasinoak martxan jarri zirenetik, turista-kopurua asko igo da. Guztira, 12.000 inguru etorri dira", Pereraren esanetan.

Hori dela eta, Eurovegas eraikitzea turismoarentzat lagungarria ere izango dela uste dute erakundeek. "Ez dira kasinoak bakarrik. Hiri bat da, eta golf zelaiak eta abar ditu. Eskaintza turistikoa duen herrialde baten aldeko apustua da", azaldu du Domenech Biosca Turismoan Adituak diren Zuzendarien Elkarteko presidenteak.

"Las Vegas bezalako zentroak jokoarekin lotzen dituzte askok, baina turismoa eta batzarrak egiteko ere leku aproposak dira. Diru-sarrerak % 60 eta % 40 banatzen dira. Jokoa zati bat da, baina, horrez gain, turistentzako eskaintza erakargarria du eta ekitaldi musikalak ere eskaintzen ditu", Odon Elorza Brauen Donostiako Casino Kursaaleko Marketing zuzendariaren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea