Ekonomia -
Gipuzkoako erabiltzaileak
Autobideetan hilean gehienez 25 euro ordaintzea proposatu du Bilduk
Neurriak Gipuzkoako 15.000 familiari eragingo dio eta, hainbat kasutan, 700 euro baino gehiago aurreztea ekarriko die.
Erredakzioa
Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak, Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendariak eta Unai Erroitzenea Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendariak prentsaurrekoa eman dute errepideen finantzazioari buruz hitz egiteko.
Bildu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentura iritsi bezain laster planteatu zuen errepideen finantzaketa eztabaidatu behar zela. Horregatik, Batzar Nagusietan ponentzia eratu zen eta, hilabete batzuk lanean eman ondoren, irizpide politikoak zehazteko ordua iritsi denean, EAJk eta PSE-EEk "ponentzia saboteatzea" erabaki dutela salatu du foru erakundeak.
Ponentzia irailean elkartuko da berriz ere, baina EAJren eta PSE-EEren aldetik "eztabaidatzeko inolako asmorik" ikusten ez duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere bideari jarraituko dio, eta proposamenak egiten jarraituko du, "ezeren zain egon gabe"."Beraz, arlo horretan aurrera egin eta gure proposamen politiko eta tekniko osoaren eztabaidari ateak ireki bitartean, proposamen zehatz bat egitera goaz", gaineratu du.
Foru Araua proiektuaren oinarria da gipuzkoar bakar batek ere ez ordaintzea hilean 25 euro baino gehiago lurraldeko autobideetan; alegia, gehienezko gastu muga ezarriko du. Erabaki honek eragin nabarmena izango du egunero AP-8 eta AP-1 autobideak erabili beste aukerarik ez duten gipuzkoarrentzat. Neurriak Gipuzkoako 15.000 familiari eragingo dio, eta, hainbat kasutan, 700 euro baino gehiago aurreztea ekarriko die.
Honek guztiak Bidegiri ondorio ekonomikoak ekarriko dizkio, gutxi gorabehera 1,2 milioi euro gutxiago jasotzea eragingo baitu, Foru Aldundiaren ustez. Hala ere, egoera horri ezin zaio aurre egin derrigor autobidea erabili behar duten gipuzkoarren kontura, eta erabakia hartu beharra dagoela gaineratu du.