Ekonomia -
Bizkaia
Leioako errepidea estaltzeko lanak, abian
Aurreikuspenen arabera, 41 hilabete iraungo dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 65 milioi euro inbertituko ditu.
Agentziak | EiTB Media
BI-637 errepidea Leioa parean estaltzeko lanak gaur hasiko dira. 65 milioi euroko inbertsioarekin, Artatzako errepidea eraldatzeko proiektuak gaur egungo aire zabaleko lubakia estaliko du, egunero milaka ibilgailu jasotzen dituena. 4.500 metro karratuko azalerako hirigune berri batek ordezkatuko du, oinezkoentzat pentsatutakoa, berdegune eta guzti.
Foru Aldundiak jakinarazi duenez, herritarren arretarako bulegoa izango den lokaletik iragarri dute Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak eta Iban Rodriguez Leioako alkateak lanak noiz hasiko diren.
Sabino Arana kaleko 54. zenbakian, bulegoak informazioa eskainiko die bizilagunei lanak iraungo duten 41 hilabeteetan zehar.
Bide batez, errepideko tunela hobetu eta modernizatuko dute. Leioako erdialdean, pasealekuaren luzera bikoiztea ahalbidetuko du obrak, guztira 824 metro hartuko baititu, baita 2.900 herritarri eragiten dien kutsadura akustikoarekin amaitzea ere.
Foru Aldunditik azpimarratu dutenez, inguruko bizilagunentzako "hobekuntza handia" ekarriko du, kutsadura akustikoari dagokionez; izan ere, zarataren aurkako 850 metro pantaila jarriko dituzte galtzadaren ertzean.
Gainera, "Txomin Aresti eskolak, euskaltegiak eta kontserbatorioak osatzen dutena bezalako multzo garrantzitsu baten babes espezifikoa hobetzeko", ibiltzeko modukoa ez den estalkia jarriko dute, tunelak Bilbora aldera duen irteeran, gaur egun oinezkoentzat dagoen pasabidearen ingururaino.