Ekonomia -
Txosten ekonomikoa
BBVAk aurreikusi du % 1,3 haziko dela BPGa aurten, eta 25.000 lanpostu sortuko direla bi urtetan
2023an eta 2024an ekonomiak suspertzen jarraituko du, BBVAren txosten ekonomikoaren arabera. Hain zuzen ere, % 1,3 haziko da BPGa aurten eta % 2,9 datorren urtean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
BBVA Researchen estimazioek hutsik egiten ez badute, % 1,3 haziko da barne produktu gordina (BPG) Euskal Autonomia Erkidegoan 2023an. Azken txosten ekonomikoa aurkeztu aurreko aurreikuspenak bestelakoak ziren, % 0,7ko hazkundea iragarri zuelako orduan BBVAk.
2024an ere goranzko joerari eutsiko omen dio BPGak. Hain zuzen ere, aipatu iturriaren arabera, % 2,9 igoko da datorren urtean, eta 25.000 lanpostu berri sortuko dira bi urteko epean.
Prentsaurreko telematiko bidez eman dituzte datuok BBVAk Espainian duen Ekonomia buru Miguel Cardosok eta Ipar Eremuko zuzendari Carlos Gorriak.
Agerraldian, biek ala biek nabarmendu dute 2022an ere suspertze prozesuan egon dela ekonomia EAEn, eta "espero baino hobeto" egin diola aurre egungo egoerari. Izan ere, 2022an % 4,4 hazi da BPGa —% 5,5 Espainiako Estatuan—, duela hilabete batzuk aurreikusitako atzeraldiari iskin eginda.
2023an eta 2024an ere ekonomiak suspertzen jarraituko du, BBVA Researchen arabera. Hain zuzen ere, % 1,3 haziko da BPGa aurten eta % 2,9 datorren urtean.
Enplegua
Enpleguari dagokionez, BBVAk dio aurten 12.000 lanpostu inguru sortuko direla, eta ia 25.000 2023 eta 2024 artean; 24.600, zehazki. Aurreikuspenak betez gero, % 8,4koa izango litzateke langabezia tasa 2023an, eta % 7,2koa 2024an —Estatuan langabezia gutxien duen erkidegoa izaten jarraituko luke EAEk—.