Krisi Ekonomikoa -
Krisi ekonomikoa
Euroa apurtzen bada, migrazioak mugatzea proposatu du Cameronek
Edonola ere, ''hori ez gertatzea'' espero du lehen ministroak. Greziatik eta krisiak astindutako herrialdeetatik iritsitako etorkinen sarrera mugatzeko aukera mahai gainean jarri du.
Erredakzioa
''Ohiz kanpoko tentsio egoera'' baten aurrean, Erresuma Batuak Greziatik eta krisiak astindutako euroguneko beste herrialde batzuetatik iritsitako etorkinen sarrera muga lezakeela esan du David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak.
''Legearen arabera, ohiz kanpoko tentsio egoera baldin badago, aukera dago migrazioen jarioa mugatzeko ekintzak martxan jartzea. Argi dago, hala ere, hori gertatzea espero ez dugula'', gaineratu du Parlamentuan.
"Gure herrialdea segurua izaten jarrai dezan, gure banku sistema sendoa izaten jarrai dezan eta gure ekonomia indartsua izaten jarrai dezan egin beharrekoa egiteko prest nengoke ni'', gaineratu du.
Bankuen batasuna
Britainia Handiko lehen ministroak bankuen batasunaren inguruko bermeak nahi ditu, balizko Europako banku batasun horrek bere herrialdeari neurriak inposa ez diezazkion. "Euroguneko 17 herrialdeek banku batasuna sortzen badute -horren beharra dutela uste dut, bene-benetan- eta horren inguruko beharrezko bermeak lortzen baditugu, ez dut uste guretzat funtsezko aldaketarik ekarriko duenik'', azaldu du Cameronek.