Ekonomia -

Arrantza

EAEn angulak harrapatzeko lizentzia kopurua 150era mugatuko dute aurrerantzean

Jaurlaritzak eta Euskadiko Angulero Elkarteak akordioa lortu dute angularen arrantza tradizionala profesionalizatzeko asmoz. Baimendutako bi salmenta puntu izango dira bakarrik, eta AZTI arduratuko da arrantza kopurua zehazteaz, betiere espeziaren stocka bermatzeko.

Angulak salgai, arraindegi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Angulak salgai, arraindegi batean.
''Arau berriak angula arrantzatzen jarraitzea ahalbideratuko du''

1:37

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Angulero Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) angula arrantzatzeko lizentzien kopurua 150era jaistea adostu dute, jarduera hori profesionalizatu eta angularen, hots aingiraren kumeen, biziraupena bermatzeko

Angularen arrantzak mende askoko historia du Bizkaiko zein Gipuzkoako barnealdeko arroetan, baina ez zegoen profesionalizatuta. Orain arte, harrapaketa 2000ko hamarkadaren hasieran onartutako hainbat dekreturen bidez zegoen araututa. Azken urteotan, behera egin du, modu kezkagarrian egin ere, aingira europarraren kopuruak. Egoera horren aurrean, Europar Batasunak angularen kirol arrantza debekatzea —hori da, hain justu, Euskadiko anguleroek egiten zutena— eta arrantza profesionala hiru hilabetera (azarotik urtarrilera) mugatzea ebatzi zuen 2022ko abenduan. 

Debekua kolpe latza izan zen anguleroentzat. Horien ustez, "bidegabekeria" da EBk hartutako erabakia. Egoera bideratzeko, Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzarekin eta beste agente batzuekin jarri ziren harremanetan. Gaur publiko egin duten akordioa "lau hilabeteko lan gogorraren emaitza" dela nabarmendu du Euskadiko Angulero Elkarteak. 

Aldaketa garrantzitsuenak

Itundutakoaren arabera, gehienez 150 lizentzia partituko dira —gaur-gaurkoz 700 bat dira: 660 zutik arrantzatzeko eta 30 bat ontzitik egiteko—. Baimenen bi heren aldez aurretik adostutako baremoen arabera banatuko dituzte, eta beste herena, zozketa bidez.

Horrekin batera, AZTI zentro teknologikoa aukeratu dute arrantza kopurua zehazteko, betiere stockaren egoera kontuan hartuta. Halaber, jarraipen batzorde bat osatuko dute angularen denboraldia aztertu —azaro erdialdetik urtarril amaierara arte— eta, espeziearen egoeraren arabera, neurriak hartzeko. Batzordean, Jaurlaritzako, EAE elkarteko, AZTIko eta talde ekologista bateko kideak izango dira. 

Azkenik, baimendutako bi salmenta puntu egongo dira: bata Bizkaian eta bestea Gipuzkoan (leku zehatza zehazteke dago oraindik). Bertan pisatuko dute arrantzatutakoa, eta enkante bidez saldu, ezarritako araudiaren arabera. 

Akordioaren balorazioa

Ohar batean, akordioarekin pozik agertu da Euskadiko Angulero Elkartea (EAE). 2021ean sortu zuten, eta egun 200 bat bazkide ditu. Akordioaren balorazioa egiteko unean, eskerrak eman dizkie lagundu duten alderdi politiko, bazkide eta enparauei, eta esker berezia eman dio Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeari. 

Hain justu, Bittor Oroz elkarrizketatu dute gaur Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Akordioaz galdetuta, azpimarratu du angula arrantzari eusteko jarduera profesionalizatu eta lizentzia kopurua murriztu beharra zegoela, eta hala egin dute ituna izenpetu duten bi aldeek.

Bittor Oroz: ''Angulak arrantzatzen jarraitzeko profesionalizatu beharra zegoen''
Bittor Oroz: ''Angulak arrantzatzen jarraitzeko profesionalizatu beharra zegoen''
Bittor Oroz: ''Angulak arrantzatzen jarraitzeko profesionalizatu beharra zegoen''

2:24
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Arrantza Ibaiak