Ekonomia -

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Energia berriztagarrien instalazioak har ditzaketen 110 kokagune zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzak

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari hasierako onespena eman dio Eusko Jaurlaritzak. Asteazken honetan EAEko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, jendaurrean jarri da, eta 45 eguneko epea dago orain alegazioak aurkezteko.

Mapa: EITB
Mapa: EITB
Mapa: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren hasierako onarpena argitaratu du EAEko Aldizkari Ofizialak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak argitaratu berri du energia berriztagarriak (eolikoa eta fotovoltaikoa) ekoizteko instalazioak non koka daitezkeen jasotzen duen mapa.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak 110 leku zehazten ditu, 92 udalerritan, instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak kokatzeko egokiak izan daitezkeenak. Zehazki, horietatik 42 daude Araban, 49 Bizkaian eta 19 Gipuzkoan. Dena dela, balizko kokalekuak dira.

Mapa: EITB Media

Mapa: EITB Media

Parke eolikoak jartzeko aukera jasotzen du planak EAEko 57 udalerritan. Horietatik 19 daude Araban (8 Arabako Lautadan, 3 Arabako Mendialdean, 3 Añanan, 2 Aiaraldean eta bana Arabako Errioxan, Aramaion eta Legution), 26 Bizkaian (8 Bilbo Handian, 6 Enkarterrin, 4 Busturialdea-Artibain, 3 Mungialdean, 4 Arratia-Nerbioin eta bat Durangaldean) eta 12 Gipuzkoan (4 Tolosaldean, 3 Debagoienean, 3 Debabarrenean eta 2 Urola Kostan).

Hauek dira aipatzen diren udalerriak: Arabako Lautadan, Dulantzi, Asparrena, Badaia, Barrundia, Burgelu, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Gasteiz; Arabako Mendialdean, Arraia-Maeztu, Bernedo eta Urizaharra; Añanan, Añana, Erriberagoitia eta Gaubea; Aiaraldean, Laudio eta Okondo; Arabako Errioxan, Oion; Aramaio eta Legutio. Bizkaikoei dagokienez, Bilbo Handian, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barakaldo, Bilbo, Larrabetzu, Muskiz eta Trapagaran; Enkarterrin, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Güeñes, Sopuerta eta Zalla; Busturialdea-Artibain, Berriatua, Markina-Xemein, Morga eta Muxika; Mungialdean, Arrieta, Meñaka, eta Mungia; Arratia-Nerbioin, Dima, Otxandio, Ubide eta Zeanuri, eta Durangaldean, Amorebieta-Etxano. Gipuzkoan, azkenik, Tolosaldean, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain eta Gaztelu; Debagoienean, Deba, Mendaro eta Mutriku; Debabarrenean, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati, eta Urola Kostan, Beizama eta Errezil.

Mapa: EITB Media

Mapa: EITB Media

Parke fotovoltaikoei dagokienez, 23na kokagune posible jasotzen ditu Araban eta Bizkaian, eta 7, berriz, Gipuzkoan. Egitasmoaren arabera, hauek dira energia berriztagarria lortzeko instalazioak jartzeko egokiak izan daitezkeen tokiak: Araban, 10 Arabako Lautadan, 4 Añanan, 3 Mendialdean, 2 Arabako Errioxan, 2 Aiaraldean eta 2 Gorbeialdean; Bizkaian, 9 Bilbo Handian, 5 Mungialdean, 4 Durangaldean, 2 Arratian, 2 Enkarterrin eta bat Aiaran; Gipuzkoan, azkenik, 4 Tolosaldean eta bana Donostialdean, Debagoienean eta Urola Kostan.

Zehazki, udalerri hauek aipatzen ditu: Arabako Lautadan, Alegria-Dulantzi, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Burgelu, Iruña Oka, Iruraiz Gauna, Agurain, Donemiliaga eta Vitoria-Gasteiz; Añanan, Erriberagoitia (bi), Lantaron eta Gaubea; Arabako Mendialdean, Arraia-Maeztu, Bernedo eta Kanpezu; Arabako Errioxan, Elvillar eta Guardia; Aiaraldean, Amurrio eta Aiara, eta Gorbeialdean, Urkabustaiz eta Zigoitia. Bizkaiari dagokionez, Bilbo Handian, Berango, Erandio, Galdakao, Lezama, Trapagaran, Zamudio, Lemoiz, Plentzia eta Urduliz; Mungialdean, Gamiz-Fika, Gatika, Jatabe, Meñaka eta Mungia; Durangaldean, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Berriz eta Elorrio; Arratian, Dima eta Zeanuri; Enkarterrin, Karrantza eta Sopuerta, eta Aiaraldean, Urduña. Gipuzkoan, azkenik, Tolosaldean, Albiztur, Alegia, Bidania-Goiatz eta Tolosa; Debagoienean, Antzuola; Donostialdean, Donostia, eta Urola Kostan, Zestoa.

EITB

EITB

Instalazio horiek debekatuta egongo dira, besteak beste, parke naturaletan, biotopo babestuetan, biosferaren erreserbetan, hezeguneetan, Arabako Errioxako mahastietan, kultura ondareko eremuetan, ur hornidurarako urtegietan, lakuetan eta aintziretan.

Arantxa Tapiak zuzentzen duen Sailak ohar batean azaldu duenez, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren helburua Euskadin energia jasangarritasuna lortzeko oinarrizko tresna bat izatea da. "Ekonomiaren deskarbonizazioa burutuko duen energia trantsizioa egiteko Euskadik beharrezkoak zaizkion energia berriztagarrien instalazioak izan ditzala bultzatuko du", gaineratu du.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren oharraren arabera, planak autokontsumoaren eta komunitate energetikoen alde egiten du; izan ere, "bi funtsezko alderdi dira energiaren azken kontsumoan energia berriztagarrien kuota hobetzeko".

Gaur egun kontsumitzen den energiaren % 10 baino ez da berriztagarria EAEn, eta helburua da kopuru hori bikoiztea 2030erako.

Asteazken honetan EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta jendaurrean erakusgai jarri ondoren, 45 egun balioduneko epea ireki da alegazioak aurkezteko.

Eusko Jaurlaritzaren helburua da Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala legegintzaldia amaitu baino lehen behin betiko onartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Energia berdeari buruzko albisteak Energia iturriak gaur