Ekonomia -
INFLAZIOA
Urte arteko inflazioa hamarren bat jaitsi da apirilean AEBn eta % 4,9an kokatu da
Hamargarren hilabetez jarraian egin du behera. Hala ere, azken hilabetean prezioek lau hamarren egin dute gora.
AGENTZIAK | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako inflazioak behera egin du apirilean, hamargarren hilabetez jarraian, eta % 4,9an kokatu da urte arteko tasa, hau da, martxoan baino hamarren bat beherago, Lan Estatistika Bulegoak gaur argitaratutako datuen arabera.
Hala ere, azken hilabetean prezioak lau hamarren garestitu dira.
Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, % 5,5 hazi da, martxoan baino hamarren bat gutxiago. Elikagaiak ere % 7,7 garestitu dira iazko apirilarekin alderatuta. Aitzitik, energia iaz epe berean baino % 5,1 merkeagoa da.
Datu hori erabakigarria izan daiteke Erreserba Federalak (Fed) interes-tasak igotzen jarraitu ala ez erabakitzeko. Hurrengo bilera ekainaren 14an egingo du.