Krisi Ekonomikoa -

Murrizketak

EAEk autogobernua defendatuko du Dependentziako murrizketen aurrean

Gipuzkoak ez ditu Dependentzia Legeari eginiko murrizketak aplikatuko. Bihar, Ana Mato ministroak murrizketa horien inguruko xehetasunak emango ditu.

Gemma Zabaleta, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburua. Argazkia: EITB.
Gemma Zabaleta, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburua. Argazkia: EITB.
Gemma Zabaleta, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburua. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egingo dio datorren ostiralean Rajoyren Gobernuak onartuko duen dekretuari, Dependentzia Legearentzat "kolpe hilkorra" izango delako.

Mariano Rajoyren Gobernuak Dependentzia Legeari aplikatuko dizkion murrizketak bihar aztertuko dituzte, Madrilen, Autonomia Erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko Kontseiluan.

Gaur, bilera horren atarian, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru diputazioek bilera teknikoa egingo dute, jarrerak bateratzeko helburuarekin.

Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Gaietarako diputatuak adierazi du Rajoyren Gobernuak Mendekotasun Legeari egin nahi dizkion murrizketek "kontraerreforma" ekarriko dutela.

Ana Mato ministroak emango dituen azalpenak entzun egingo dituztela gaineratu du, baina ordaiketa partekatuaren dekretua ez dutela aplikatuko berretsi du Rodriguezek.

Espainiako agintariek "eskubide murrizketa bortitza" indarrean jarriko dutela salatu du Gipuzkoako diputatuak.

Bestalde, Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak esan du Dependentziaren Legearen laguntzei eutsi egingo diétela, eta EAEko eskumenak defendatuko dituztela, murrizketei aurre egiteko.

Bizkaiaren aburuz, "eskumenak inbadituko dituzte"

Pilar Andueza Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuak Espainiak "Dependentzia Legea ez sinestea" kritikatu du eta PPren Gobernuak egin duen aldaketa proposamenarekin "eskumenak inbadituko ditu". Horrek, "arriskuan dauden pertsonentzako babes eta zerbitzu alorretan adostutako konpromisoa hautsi du".

Bihar Madrilen egingo duten bileran, Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako murrizketek eragindako ardura erakutsiko du eta "Bizkaiak Dependentzia Legean sinesten duela" azalduko du.

"Espainiako Gobernuak dependentzi maila moderatua duten pertsonek laguntzak jasotzeko eskubidea 2015era arte ez onartzeak, laguntza kobratzeko epea bederatzi hilabetera arte luzatzeak, zaintzaileek gizarte segurantzan ez kotizatzeak eta ohiko etxebizitza dependentzia duen pertsonaren gaitasun ekonomikoa neurtzeko erabiltzeak babeserako sistema hautsi egiten du", azaldu du.

Andazak fiskalitate arloan Eusko Jaurlaritzak eskuduntzarik ez duela esan du eta, azaldu duenaren arabera, "Foru Aldundien ardura da Euskadiko zerbitzu sozialak finantzatzeko moduari buruz gogoeta egiteko garaia irekitzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea