Ekonomia -

Hipotekak

EAEn eta Nafarroan iazko martxoan baino % 14 hipoteka gutxiago sinatu dira aurtengoan

Urte arteko tasan jaitsiera izan bada ere, Nafarroan 511 hipoteka sinatu dira martxoan, otsailean baino % 19,7 gehiago, eta 1.908 sinatu dira EAEn, otsailean baino % 5,3 gehiago. Etxebizitzen gaineko hipoteken interes tasa ia % 3koa da.

Eraikuntza-lanak, Bilbon. EFE.
Eraikuntza-lanak, Bilbon. EFE.
Eraikuntza-lanak, Bilbon. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn eta Nafarroan martxoan sinatutako hipotekak iazko martxoan sinatu zirenak baino % 14 gutxiago izan dira. Zehazki, Nafarroan % 14,1 hipoteka gutxiago sinatu dira aurten martxoan, eta % 14,1 gutxiago EAEn, ostiral honetan Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datuen arabera. 

Urte arteko tasa negatiboa izanda ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.908 hipoteka sinatu dira aurten martxoan, otsailean baino % 5,3 gehiago. 303.785.000 euro utzi dira maileguan martxoan, otsailean baino % 8,8 gehiago eta iazko martxoan baino % 13,9 gutxiago, eta batez beste 159.000 eurotik gorako hipotekak sinatu dira EAEn, aurreko hilean baino 5.000 euro gehiago gutxi gorabehera.

Nafarroan, 511 hipoteka sinatu dira aurten martxoan, otsailean baino % 19,7 gehiago. Finantza erakundeek 171.901.000 euro mailegatu dituzte martxoan etxebizitzak erosteko, otsailean baino % 39,3 gehiago, baina iazko martxoan baino % 4,9 gutxiago. Nafarroan, batez beste 140.000 euro pasatxoko hipotekak sinatu dira. 

Espainiako Estatuan, etxebizitzen gaineko hipoteken kopurua % 15,7 jaitsi da aurtengo martxoan, 2022ko hil bereko datuekin alderatuta, guztira 36.182 mailegu sinatu baitira, INEren arabera.

Martxoko urte arteko beherakadaren ondorioz, etxebizitzen gaineko hipoteken sinadura kopuruak beherantz egin du bi hilabetez, aurtengo otsailean % 2ko jaitsiera izan baitu.

Etxebizitzen gaineko hipotekak, batez beste, 142.663 eurokoak izan dira, iaz baino % 1,5 txikiagoak. Estatu mailan maileguan utzitako kapitala, berriz, 5.161,8 milioi euroraino jaitsi da, iaz baino % 17 gutxiago. 

Banku zentralek inflazioari eusteko adostutako interes-tasen gorakadaren ondoren, hipoteka-mailegu guztien interes-tasa, batez beste, % 3,29koa izan da martxoan, 2017ko urtarriletik izandako tasa altuena, eta batez beste 24 urtean itzuli beharreko maileguak sinatu dira.

Etxebizitzen kasuan, batez besteko interesa % 2,99koa izan da, 2017ko apiriletik izandako tasarik altuena, eta batez beste 25 urtean itzuli beharrekoak dira.

Martxoan sinatutako etxebizitzen gaineko hipoteken % 36,1ek tasa aldakorra dute, eta % 63,9k, tasa finkoa. Hasierako batez besteko interes-tasa % 2,72koa izan da tasa aldakorreko etxebizitzen gaineko hipoteketan, eta % 3,15ekoa, tasa finkoa dutenen kasuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza