Krisi Ekonomikoa -
19 eguneko 'Martxa Beltza'
Milaka pertsonaren babesa jaso dute meatzariek Madrilera iristean
Ikatzaren sektoreak jasotzen dituen laguntzek izandako murrizketak salatzen dituzte; izan ere, Estatuko aurrekontu orokorretan % 64ko murrizketa izan dute.
Erredakzioa
"Martxa Beltza" osatzen duten Espainiako hainbat eskualdetako 200 meatzariak Madrilgo Solera iritsi dira gaur goizaldean eta bertan milaka herritarren babesa jaso dute 19 eguneko ibilaldia egin duten meatzariek.
Gaua Industria Ministerioaren aurrean pasatu ondoren, 11:00etan manifestazioa egingo dute.
500 kilometro egin ditu oinez "Martxa Beltza" deiturikoak, Industria Ministerioak iragarritako diru-laguntzen % 64ko murrizketaren aurka.
Maiatzean hasi zuten meatzariek mugagabeko greba. Erabakiak sektorea hilko duela salatuz, gatazka puri-purian jarri zen berehala. Meatze-inguruetan babes handia jaso dute langileek, tartean PPko hainbat zinegotzirena.
Gobernua Ikatzaren Plana negoziatzeko prest azaldu bada ere, Juan Manuel Soria ministroak nabarmendu du sektore guztiak jasaten ari direla krisia, eta meatzariek beste inork baino laguntza gehiago jasotzen dutela.
Protestaren azken urratsa Ministerioaren aurrean emango dute. Bi aste eman ditu oinez bere sorlekutik, eta orain, sektorearen alde egiteko, "Martxa Beltzak" manifestazioa deitu du, Madrilgo Kolon plazatik hasita.