Krisi Ekonomikoa -
Gaur onartuko dute
Gobernuko kideen, presidente ohien eta ministro ohien soldatek, behera
Gobernuko kideen soldatak % 7,1 jaitsiko dituen lege dekretua onartuko du ostiral honetan Ministroen Kontseiluak. Zapatero, Aznar, Gonzalez eta Suarez presidente ohien soldatak ere jaitsiko dituzte.
Erredakzioa
Mariano Rajoy presidentearen Gobernuko kideen soldatak funtzionarioei kenduko zaien aparteko soldataren neurrian jaitsiko dituen lege dekretua onartuko du ostiral honetan Ministroen Kontseiluak.
Hala, % 7,1 jaitsiko dituzte Gobernuko presidentearen eta kideen soldatak. Egun, 78.185,04 euro jasotzen ditu urtean Rajoyk, eta 73.486 euro Gobernuko presidenteordeak. Ministroek, aldiz, 68.981 euroko soldata dute urtean.
Presidente ohien eta ministro ohien soldatetan ere, murrizketak
Maila horretan ere jaitsiko dute presidente ohien soldata. Egun, urtean, 74.580 euro urtean jasotzen dituzte Zapaterok, Aznarrek, Gonzalezek eta Suarezek.
Ministro ohiei ere eragingo die murrizketak, eta, aurrerantzean, ezin izango dute 'pentsio konpentsatzailea' eta bestelako soldatarik aldi berean jaso. Besteak beste, alderdi sozialistako hainbat kideri eragiten die neurri horrek, tartean Alfredo Perez Rubalcabari, Jose Blancori, Francisco Caamañori, Antonio Camachori, Trinidad Jimenezi, Valeriano Gomezi, Ramon Jaureguiri eta Manuel Chavesi.