Ekonomia -

Osakidetzako mahaia

Transfusio, osasun mentala eta Tolosaldea ESIko langile batzuek % 4ko osagarria kobratuko dute

Hori da Osasun Sailaren eta UGT, SME eta Satse sindikatuen artean lortutako akordioetako bat. Hala ere, akordioa ez da hitzorduan zeuden sindikatu guztiekin adostu; izan ere, CCOOk neurri "osatugabea" dela uste du, "beste kategoria batzuk osagarritik kanpo uzten dituelako".

Sindikatuetako ordezkariak Osakidetzaren Mahaiko bileratik ateratzen. Irudia: EITB
Sindikatuetako ordezkariak Osakidetzaren Mahaiko bileratik ateratzen. Irudia: EITB
Sindikatuetako ordezkariak Osakidetzaren Mahaiko bileratik ateratzen. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko, Osasun Mentaleko sareetako eta Tolosaldea ESIko langile batzuek % 4ko osagarria kobratuko dute, beren ordainsariak Osakidetzako beste profesional batzuenekin parekatzen dituena.

Hori da Osasun Sailaren eta UGT, SME eta Satse sindikatuen artean gaur Osakidetzako Mahaian lortutako akordioetako bat. Hala ere, akordioa ez da hitzorduan zeuden sindikatu guztiekin adostu; izan ere, CCOOk neurri "osatugabea" dela uste du, "beste kategoria batzuk osagarritik kanpo uzten dituelako".

Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Saila pozik agertu da lortutako akordioarekin, besteak beste, lantaldeak sortzea, karrera profesionala negoziatzeko mahai sektorialak deitzea eta hauteskunde sindikalak egitea adostu baitute.

Hitzorduan, Jaurlaritzak karrera profesionalaren 2022ko deialdiaren berri eman die sindikatuei. Deialdi hori gaur bertan argitaratu da EAEko Aldizkari Ofizialean, eta, beraz, dagoeneko eska daiteke.

Jaurlaritzak ohiko ordutegitik kanpo lan egiten duten etengabeko arreta guneetako medikuentzako ordainsari-hobekuntza ere aurkeztu du. Zehazki, orduko 60 euroko produktibitate-osagarria handitu du 20:00etatik 22:00etara, eta izaera mugagabea eman dio.

Hala ere, puntu horretan ez da akordiorik itxi; izan ere, sindikatuek beste osagarri batzuk sartu nahi zituzten, baina Osakidetzak ez zituen egokitzat jotzen, zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Bilera amaituta, UGTk Transfusioen Zentroko, Osasun Mentaleko Sareetako eta Tolosaldeko ESIko zuzendaritzaren kudeaketa- eta administrazio-zerbitzuko langileek kobratuko duten % 4ko osagarria baloratu du: "Soldata diskriminazio bidegabe bati amaiera ematen dio".

Bestalde, lortutako akordioak "xumeak" direla esan du CCOOk, eta Osakidetzak "ez du ahalegin nahikorik egin", horren esanetan. "Dena eman behar du sakoneko arazoak konpondu eta Mahaian akordio zabalak lortu nahi baditu", gaineratu du sindikatuak ohar batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Sindikatuak Basurtuko ospitalea Erizaintza Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak