Krisi Ekonomikoa -
Lan Erregulaziorako Txostena
Poliziak esku hartu du Canal 9ko albistegien platoa utzarazteko
1.295 langile horietatik 173 erakunde publikokoak dira, 994 Valentziako Telebistakoak (Canal9), 25 NouMultimediakoak, eta 103 Radio9koak.
Erredakzioa
Valentziako Irrati-Telebistako langileek Canal 9ko albistegietako platoa okupatu dute, eta 14:00etako albistegia emititzea eragotzi dute. Zuzenean egindako ekintza horrekin, 1.295 lankide kaleratzeko Lan Erregulaziorako Txostenaren aurka egin dute.
Zazpi minutuz, ikusleek 100 langile inguru ikusi ahal izan dituzte albistegien platoan. Langileen ordezkari batzuek, megafonoa eskuan hartuta, beren lanpostuak defendatzeko borroka egiteko prest daudela azaldu dute.
"Dimisioa, dimisioa" oihuen artean, langileen ordezkariek aurreko eta gaur egungo Irrati-Telebista Valentziarraren eta PPren aurkako oihuak egin dituzte.
Zazpi minutuz antenan egon ostean, pantaila beltz jarri da, eta albistegiaren ordez emititzen ari zen itsas hondoaren inguruko dokumental bat jarri dute.
Dokumentalean ikusleei ohiko programazioa eskaini ahal ez izateagatik barkamena eskatzen duen errotulu bat agertzen da.
Valentziako Irrati Telebistako (RTVV) 1.295 langile kalera joan daitezke enpresa horretan egingo den Lan Erregulaziorako Txostenaren ondorioz. Hori dela eta, lan-taldea 400 pertsonara mugatuta geratuko litzateke.
Murrizketa horrek 54 milioi euroko aurrezpena ekarriko luke, 2011n langileen soldatak ordaintzeko 73,8 milioi gastatzen baziren, 2013rako 17,7 milioi erabiliko dituztela kalkulatu baitute, enpresako administrazio kontseiluaren zuzendaritzak helarazitako datuen arabera.
Polizia albistegien platora sartu da utzarazteko
Valentziako Poliziako agenteak Canal 9ko produkzio gunera sartu dira langileei lekua husteko eskatzeko.
Valentziako Irrati-Telebistako zuzendariak jakitera eman duenez, Polizien presentzia behar izan dute tentsiozko egoerari aurre egiteko.
Distribuzioa
1.295 langile horietatik 173 erakunde publikokoak dira, 994 Valentziako Telebistakoak (Canal9), 25 NouMultimediakoak, eta 103 Rádio9-koak.