Ekonomia -
Finantza krisia
Lindek, "okertzat" jo du bankuen krisian egindako kudeaketa
Diputatuen Kongresuan egin duen lehenengo agerraldian, Espainiako Bankuko gobernadoreak, "era desegokian eta indar gutxirekin jokatu zela" esan du.
Erredakzioa
Espainiako Bankuko gobernadoreak, Luis Maria Lindek adierazi du finantza krisia ez zela ondo bideratu, eta era desegokian edo indar gutxirekin jokatu zela . Era berean onartu du orain atzera begiratuta hori esatea erraza dela eta ez diola inori leziorik eman nahi.
Diputatuen Kongresuan egin duen lehenengo agerraldian, gobernadoreak adibide batzuekin islatu nahi izan du bere adierazpena: batetik, ez zela nahikoa izan Instituzioen Babeserako sistemaren onarpena, edota egin ziren “fusio hotzek” erabakiak eta akordioak atzeratu besterik ez zituela egin.
Lindek gaineratu du, inork ez zuela aurreikusi atzeraldi bikoitza, eta horrek bere eragina izan zuela Espainiako Bankuak burututako bankuen osasun testetan, eta erakundeak “heterodoxoagoa” behar zuela izan eragiketak erregulatu, zuzendu eta hobeto gainbegiratzeko.