Ekonomia -

INFLAZIOA

Urte arteko KPIa % 1,9an jarri da, 2021eko martxotik izan duen mailarik baxuena

Datu honetan eragina izan dute batik bat garraioaren eta jakien eta edarien prezioen jaitsierak. Azpiko inflazioak ere bi puntu egin du behera eta % 5,9an kokatu da.

Dirua
Dirua
Dirua

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) 1,3 puntu egin du behera urte arteko tasan, maiatzekoarekin alderatuta, eta % 1,9an jarri da ekainean, 2021eko martxotik izan duen mailarik baxuenean. Erregaien, elektrizitatearen eta elikagai eta edari ez alkoholdunen prezioak izan dira, batik bat, KPIaren beherakada hau eragin dutenak.

Datu zehatzetara joaz, frutetan, ogian eta zerealetan, okelan, lekaleetan eta barazkietan jaitsi dira prezioak. Esnearen, gaztaren eta arrautzen, kasuan, aldiz bere horretan mantendu dira, eta iaz igo egin ziren. Aitzitik, olioen eta koipeen prezioak igo egin dira, eta iaz, berriz jaitsi egin ziren. Hala, elikagaien datua % 10,3koa da, iaz baino puntu eta erdi txikiagoa.

Erregaien prezioak gora egin du, baina iazko ekainean baino txikiagoa izan da igoera hori. Hortaz, urte arteko tasa % -7,6n kokatu da, joan den hilean baino lau puntu beherago. INE Estatistikaren Espainiako Institutu Nazionalak azpimarratu du argindarraren prezioak ere iaz baino gutxiago igo direla, eta, horren ondorioz, etxebizitzari dagokion tasa bi puntu jaitsi da, % -12,7ra arte.  

Alabaina, aisialdiari eta kulturari dagozkien zatia igo egin da, joan den hiletik bederatzi hamarren, eta % 5,2an dago tasa. Pakete turistikoen prezioak 2022an baino gehiago igo direla da horren arrazoia.

Bestalde, azpiko inflazioa (elikagai landuak eta produktu energetikoak bazter utzita) bi hamarren jaitsi da eta % 5,9koa da horrenbestez; 2022ko ekainetik izan duen mailarik baxuenean dago.

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, ekainean KPIa nabarmen jaitsi dela dio INEren txostenak: % 2,3koa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta % 2koa Nafarroan. Maiatzean, % 3,4koa eta % 3,6koa izan ziren hurrenez hurren.  

Ekonomia Gaietarako eta Transformazio Digitalerako Ministerioko ordezkariak pozik agertu dira ekaineko datuekin. Nadia Calviño buru duen saileko iturriek azpimarratu dute Espainia izan dela "Europako Banku Zentralarentzat erreferentziazkoa den % 2ko datutik jaitsi den euroguneko ekonomia handietako lehen herrialdea". Haien iritziz, "Gobernuak hartu dituen neurriei esker jaitsi da inflazioa ia bederatzi puntu urte batean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak EAE Espainia argazkiak KPI albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa