Krisi Ekonomikoa -
Murrizketak
Nafarroak BEZa igoko du eta funtzionarioei aparteko saria kenduko die
Hala ere, Barcinak azaldu duenez, etxebizitza erosteagatik egindako kenkariari eutsiko dio, errenta baxua dutenen, familia ugarien eta etxea urtea amaitu baino lehen erosten dutenen kasuan.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak Madrileko Gobernuak erabakitako murrizketen gehiengoa beteko ez duela erabaki du. Horrela, Sozietateen gaineko Zerga aldatuko ez duela eta etxebizitza erosteagatik kenkaria moldatuko duela iragarri du. Hala eta guztiz ere, BEZa igotzera eta funtzionarioei Gabonetako aparteko ordainsaria kentzera behartuta dagoela esan du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak.
Errenta baxua dutenei (% 15) eta familia ugariei (% 30) etxebizitza erosteagatik kenkaria mantenduko diete, Nafarroan. Horrez gain, dagoeneko etxeizitza erosita dutenei (132.000 pertsona inguru) edo urte amaitu baino lehen etxea erosten dutenei kenkaria mantenduko diete.
Sozietateen gaineko Zerga orain arte bezala mantentzeaz gain, Nafarroak kontratazioa sustatzeko laguntzak eta kenkari fiskalak ematen jarraituko duela esan du Barcinak eta jarduera profesionalengatik atxikipenak igoko ez dituela iragarri du. Estatuan % 15etik 21era igoko dira.
BEZaren igoerarekin, Nafarroako Gobernuak 18 milioi euro bildu nahi ditu urtearen azken hiruhilean, baina ondasunen eta zerbitzuen gastuetan hiru milioi euro ordaindu beharko ditu.
Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga kontuan izan gabe, funtzionarioei aparteko ordainsaria kentzen badute 50 milioi euro inguru aurreztuko dituztela azaldu du Barcinak. Gainera, murrizketa hauek aldez aurretik Nafarroako Gobernuak onartu zuen 132 milioi euroko murrizketarekin zerikusirik ez dutela argitu du. Gobernuko presidenteak, kontseilariek, zuzendari nagusiek eta gainontzeko goi karguek Gabonetako ordainsaria jasoko ez dutela ere iragarri du.
Nafarroako Gobernuak Estatuak saltokien ordutegiei eta merkealdiei buruzko erabakia ezarriko duela esan du. Hala ere, neurria adosteko Merkataritzaren Behatokiarekin bilduko dela adierazi du.