Ekonomia -
Langabezia datuak
Langabezia % 0,76 igo da EAEn, eta % 0,39 egin du behera Nafarroan
2008tik uztailean erregistratutako langabe kopururik txikiena izan du EAEk, baina afiliatuen kopurua milioi bateko langatik jaitsi da. Nafarroan, berriz, ekainean baino 1.250 afiliazio gehiago zeuden uztailean, orotara, 305.106.
EITB MEDIA
Uztailean langabeziak gora egin du eta afiliazioak behera Euskal Autonomia Erkidegoan. Aurreko hilean baino 796 langabe gehiago zenbatu zituzten (% 0,76 gehiago), eta horrenbestez, guztira 106.175 pertsona daude lan bila, Lanbideren datuen arabera.
Nolanahi ere, duela urtebeteko datuekin alderatuta, 5.019 pertsona gutxiago daude langabezian. Hain zuzen ere, 2008tik uztailean erregistratutako langabe kopururik txikiena izan da.
Bestalde, kontratu mugagabeak kontratazio guztien % 22,71 izan dira; hau da, 63.589tik, 14.444. Gehienbat, etxeko langileen eta eraikuntzaren sektoreetan egin dituzte tankera horretako kontratuak.
Gizarte Segurantzari dagokionez, afiliatuak 998.734 izan dira uztailean, aurreko hilabetean baino 4.220 gutxiago (% 0,42), baina iaz baino 16.713 gehiago (% 1,70).
Eusko Jaurlaritzak onartu du enplegagarritasunaren goranzko joera apaldu egin zela, baina uda garaian ohikoa izaten dela azaldu du. Alfonso Gurpegui Ruiz Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordearen hitzetan, "ez da aparteko zerbait, uda ez baita izaten Euskadiko enplegurako garairik onena". "Baina aurreikuspen guztien arabera, udazkenean susperraldi ekonomiko berri bat izango da", gehitu du.
Nafarroa
Bere aldetik, Nafarroan, langabeziak % 0,39 egin du behera uztailean, eta horren ondorioz, 114 pertsonak lortu dute enplegua. Orotara, 29.151 daude lan gabe Foru Erkidegoan. Iazko uztailari begiratuta, are handiagoa da jaitsiera, % 7,28koa (2.289 pertsona).
Halaber, ekaineko datuekin alderatuta, 1.250 afiliazio gehiago erregistratu dira uztailean, orotara, 305.106. Kopuru hori iazko uztailekoa baino % 0,9 handiagoa da eta aurtengo ekainekoa baino % 0,4 handiagoa.
Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak esan du "zalantzarik gabe, irakurketa positiboa" egiten duela, langabezia jaitsi egin delako eta enplegua sortzen ari direlako Nafarroan. Bere hitzetan, Espainiako Gobernuak onartutako Lan Erreformari esker lortu dira hein handi batean datu hauek. Nolanahi ere, ohartarazi du datozen hilabeteotan "ekonomia moteltzea" aurreikusten dutela eta, ondorioz, datuak ez direla hain onak izango.
Estatua
Estatu osoa kontuan hartuta, 10.968 pertsona gutxiago daude lan barik, 2.677.874 guztira. 2008tik jazotako kopuru txikiena da.zzzz