Krisi Ekonomikoa -
Zalantza merkatuetan
Merkatuak lasaitzeko EBZren esku-sartzea eskatu dute PPk eta PSOEk
"Orain Europako Banku Zentralaren txanda da", esan du Esteban Gonzalez Pons PPko kideak. Bestalde, PSOEk erakunde honi aurre egiteko eskatu dio PPri.
Erredakzioa
Esteban Gonzalez Pons PPko Ikasketen eta Programen idazkariordeak igande honetan adierazi duenez, Espainiak aurrera egiteko eta Europan zatiketa saihesteko, Nazioarteko Banku Zentralaren esku dago egun Espainiako arrisku-sariarekin espekulatzaileek duten jokoa etetea.
"Egoera hau astelehenean amaitzen ez bada, Europako Banku Zentralak nahi ez duelako izango da. Baliteke Europar Batasunaren espirituaren aurka dagoen norbaitek gaizki ikustea Espainia eta hegoaldeko herrialdeak Iparraldekoekin batera egotea", azaldu du Ponsek. "Europa eta euro bakarra dugu", azpimarratu du.
Ponsen arabera, Espainiak egin beharrekoa egin du, eta "espainiarrek eskatu dieguna sufritu dute jada". "Orain Europako Banku Zentralaren txanda da".
EBZrekin borroka egitea
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak Europako Banku Zentralarekin "borroka egitea" eskatu dio PPko Gobernu "isolatuari". "Duela sei hilabeteko unearekin alderatuta, Espainiak ez du batere hobera egin", nabarmendu du Rubalcabak.
Gauzak horrela, sozialistak PSOEren alternatiba defendatu du. "Posiblea da egungo egoera beste modu batera kudeatzea", esan du. Halaber, Espainian lagunen arteko parekotasunari kalte egin izana leporatu dio PPri. "Beste bide badago, enplegua sortzen eta justiziarekin gainditu dezakegu krisia", azpimarratu du.