Krisi Ekonomikoa -

Murrizketak

Jaurlaritza Rajoyren murrizketen aurkako helegiteak prestatzen ari da

Hala ere, Espainiako Gobernuarekin bilera egingo du helegitea aurkeztu aurretik. Hitzarmenik ez adostekotan, helegitea auzitara eramango du Jaurlaritzak.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EITB.
Jaurlaritzak helegiteak aurkeztuko ditu Rajoyren murrizketen kontra

01:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalera joko du Rajoyren murrizketen aurkako eta Estatuko Aurrekontu Legearen aurkako errekurtsoak aurkeztera, gaur Idoia Mendia bozeramaileak iragarri duenez.

Jaurlaritzak konstituziokontrakotasun helegitea aurkeztuko du Estatuko Aurrekontuen aurka eta joan den astean Kongresuan dekretuz onartutako murrizketen kontra.

Funtzionarioei Gabonetako ordainsaria kendu izana, Dependentzia Legean egindako murrizketak eta denden ordutegiak luzatu izana errekurrituko du Patxi Lopezen Gobernuak, besteak beste.

Estatua “Euskadirenak diren eskumenetan” sartzen ari dela ohartarazi du Idoia Mendiak. Haren hitzetan, Rajoyren Gobernuak “uniformizazioa” bultzatu nahi du, eta Mendiak autogobernuaren defentsa aldarrikatu du.

Mendiaren iritziz, Espainiako Gobernua “gehiegikeriaz” erabiltzen ari da Errege Dekretua, eta Euskadik “bere burua antolatzeko duen ahalmena” mugatzen ari da.

Jaurlaritzak bi helegite aurkeztea erabaki du. Bata Estatuko Aurrekontu Legearen aurkakoa da, “langileen antolaketan eskua sartzen duelako”; bigarrena iragan astean dekretuz onartutako murrizketen kontrakoa da, hau da, funtzionarioen soldata, negoziazio kolektiboa, Dependentzia Legea edota merkataritza arloko ordutegiak arautzen dituena.

Errekurtsoak aurkeztu baino lehen, Jaurlaritzak bilera bat egitea eskatuko dio Rajoyren Gobernuari, neurriak negoziatzeko. Bilera horrek porrot egiten badu, helegiteak aurkeztuko ditu. Mendiak azaldu duenez, sei eta bederatzi hilabete bitarteko epea dago horretarako.

Bestalde, Sailei 2013ko Aurrekontuak egiteko ildoak zergatik ez dizkien eman argitu du Idoia Mendiak (aurreko urteetan, uztailerako egiten zuten). Bozeramailearen esanetan, “zalantza” gehiegi daude une honetan ekonomia arloan eta datu gehiago izan arte ez dituzte ildoak finkatuko, “berehala baliorik gera ez daitezen”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea